Albistea entzun

Azurmendi eta Aresti, zabalik den zikloan

Fito Rodriguezek eta Karmelo Landak bi liburuxka ondu dituzte, Joxe Azurmendiren eta Gabriel Arestiren obra poetikoak eta idazmoldeak lehen lerrora ekarri guran
Karmelo Landa eta Fito Rodriguez, atzo, Donostian, <em>Bioi</em> eta <em>Bioi. Lagunarteko antologia</em>-ren ale banarekin.
Karmelo Landa eta Fito Rodriguez, atzo, Donostian, Bioi eta Bioi. Lagunarteko antologia-ren ale banarekin. M. ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2020ko abenduak 11 - Donostia

Ideia bat mahai gainean: Joxe Azurmendiren eta Gabriel Arestiren «enpeinu nagusia» nazio bat eraikitzea izan zen, norabide horretan eman zuten euren ekarpen kultural, filosofiko, politikoa. Eta horri lotuta, bigarren ideia bat: asmo horrekin baliatu zuten «estilo aldarrikatzailea» borobildu gabe dagoela. Uste horietan bermatuta eman dituzte Fito Rodriguezek eta Karmelo Landak idazle bien obrak eta haien arteko lotura agerian utzi nahi dituzten bi liburuxkak, Adhara etxearekin. Bioi izena jarri diote lehenari, Rodriguezek bi autoreen «gerizpean» ondu duen poema bildumari; eta Bioi. Lagunarteko antologia Landak eta biak osatu duten eta Azurmendi eta Arestiren harremanean zentratzen den aleari.

Urtebete atzera, Donostiako San Telmo museoan egin zen Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresurako Rodriguezek prestatu beharreko lanak sortu zuen liburuxka hauetarako lehen mugimendua. Ekarpen «akademiko bat» egin zuen bertarako idazleak, baina, Azurmendiren obra berrikustean, bi gauzaz ohartu zen: haren idazmoldean «aldarri bat» mantentzen zela, estiloan zein gaitegian; eta Arestiri ere antzera gertatu zitzaiola. Rodriguez: «Orduan hasi nintzen biak aztertzen, eta, Plutarkok egin bezala, modu paraleloan ulertu nituen biak». Haien bidetik idazten hasi, eta Azurmendiren Manifestu Atzeratua (1968) zentsuratuaren egiturari segitzen dion Hitz modestu hatz eratua olerkiak irekitzen du orain Bioi liburua. Ondotik dator Aingeru Guardakoa Euskal Herrian, Gorriak eta bi, Gurutzebidea, Idoia, Tortura eta Arantzazutik Eara-rainoko poema sorta. «Burutugabe dagoen continuum bat da. Hurbilketa modu akademikoan egin nahi nuen, baina testu berriak idazten bukatu dut, haien gerizpean».

Bere liburua amaituta, editoreari erakutsi eta hark iradoki zion jende gehienak ez zuela ulertuko Hitz modestu hatz eratua, «Manifestua atzeratua bera ezagutzen ez delako, eta Azurmendi eta Aresti behar bezala ulertzen ez direlako, ulertzen direlako plano akademikoan, baina ez bestelako idazkeraren egile diren neurrian», Rodriguezen hitzetan. Editoreak akuilatuta, Landarengana jo zuen, eta Rodriguezek Azurmendiren eta Landak Arestiren poema antologia bana apailatu dute bigarren liburuxkan. Arestik Azurmendiri 1961-1962 artean bidalitako gutunekin osatu dute gero.

Arantzazu eta Bilbo

Joxe Azurmendiren kongresura itzuli da Landa ere. Hari eskainitako Jakin aldizkarian Joseba Zulaikak idatzitakora, zehatzago; hark proposatutako «periodizazioari» ñabardura bat egiteko. «Zulaikak dio badagoela euskal subjektibitate bat eraiki duen mende bat, Gernikako bonbardaketarekin hasten dena, 1937an, eta ETAren desegitearekin amaitzen dena, 2018an. Bat nator hasiera hor kokatzean; aldiz, uste dut duela bi urte ez zela ezer bukatu. Ziklo hori irekita dago». Tarte horretan, 1960ko urteetan «nazioaren eraikuntza» berrabiarazi zuen belaunaldi bat agertu zela oroitu du, eta hor abiatzen dela Arestiren eta Azurmendiren arteko lotura.

Gutun bidez izan zuten aurreneko kontaktua, eta Aresti Bilbotik Arantzazura bisitan joan zitzaionean ezagutu zuten elkar fisikoki. Haren obra ezaugarrituko zuen kontraste bati bide emanez, Landaren esanetan: «Bilbo da infernua, eta Arantzazu paradisua». 1964ko Harri eta Herri-n datorren poema zati bat frogatzat: «Joxepe/ nire laguna, /urrun dago,/ han goian,/ zerutik hurbil,/ eta ni berriz/ hemen behean,/ osin ilun honetan,/ Bilbo deritzan/ Infernu honetan...».

Talka «ideologikoak» bai, baina bien artean lotura estetikoak ere bazirela defendatu du Landak. «Manifestu atzeratua Euskal Herriaren historiaren bertsio poetiko oso indartsua da, eta Arestik ere Euskal Herriaren historia poesia bihurtzen du; hor badago konexio handi bat». Zulaikaren tesira itzulita, azken argipena: «Aresti eta Azurmendi hona ekartzen baditugu, ez da iraganeko poeta bezala, egungoak dira, ziklo hori ez delako itxi. Ez da kasualitatea, adibidez, Sarrionandiak Aresti hainbeste aipatu izana berriki bidali duen bideoan».

Eta argipena Rodriguezek ere, bi autoreek gaietan nola idaztankeran ekarritako «haustura» azpimarratuz: «Euskal subjektibitate baten ardatzak daude hemen. Aresti eta Azurmendi bide paraleloetan ibili ziren, baina kontrako noranzkoan: Azurmendi oso marxista zen hasieran, eta Aresti, berriz, ia-ia sabinianoa. Hil aurretik, Aresti oso marxista zen, eta Azurmendik abertzaletasun gordin batean hartu zuen habia. Baina prozesu bat da, eta bestelako idazkera bat behar dugu ulertu ahal izateko, hori da gure aldarria».

Hirugarren lan bat

Beste lan bat ere argitaratu du berriki Rodriguezek: Adostutako Tenorean. «Autosaiakera» izendatu du, autobiografiaren eta saiakeraren arteko hibrido bat baita. Idazten hasi zenetik hona argitaratu dituen liburuen errepaso bat proposatu du, eta literatur estiloari buruzko gogoetak ere txertatu ditu. «Idaztea ez da bakarrik ongi edo gaizki idaztea eta gramatika ariketa bat egitea; beste mota bateko lotura sentimentalak eta bideak eskaintzen dizkigu, eta horri buruz hausnarketa egin nahi izan dut». Liburuan onartu duenez, «zorra» sentitzen zuen bere buruarekin eta irakurleekin. Orain arte bost poema liburu, nobelaren eta saiakeraren arteko beste bost lan, eta bost saiakera eman ditu, eta, azken urteetan, idatzitako horri guztiari buruz aritu da gogoetan, estiloaren gaiarekin loturik.

Marcel Proustek Gustave Flauberti buruz idatzitako aipu batek abiatzen du liburua: «Edertasun gramatikala egon, badago (edertasun morala, dramatikoa eta abar dauden bezala), baina ez du erabilera zurrunarekin zerikusirik. Flaubertek lan handiz erditu behar izan zuena halakoxea zen, eta, zalantzarik gabe, haren edertasun horrek sintaxi-arau batzuk erabiltzeko modua izan zezakeen...». Hain zuzen, bi egile horien arteko bidegurutzean ikusten du bere burua Rodriguezek: inoiz bizitakoa berridazteko beharrak bultzatuta idazten, baina baita idatzitako hori behin eta berriz berrikusteko gogoz ere.

Bere ibilbidean garrantzitsu izan diren hainbat gertaera ere berrikusi ditu idazleak: Euskal Idazleen Elkarteari eta Euskal Herriko PEN klubari buruzko oharrak zein hezkuntzari buruzkoak. Garbiñe Ubedaren hitzetan, motzean, «biluzte intelektuala» da Rodriguezen liburua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

«Areto txikiak maite ditut; hor, bazara edo ez zara, eta ni banaiz»

«Areto txikiak maite ditut; hor, bazara edo ez zara, eta ni banaiz»

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Aitak oparitutako gitarrak jarri zuen Aurora Beltran musikaren bidean, duela 50 urte. Tahures Zurdos taldeak markatu du bide hori, nahiz eta musikariak bakarrik grabatu dituen bere azken diskoak. Tahures 2019an itzuli zen; Beltran ez da inoiz joan.

1 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

Artea hezkuntzari so

Aitor Biain

'Pentsatzeko leku bat. Arte eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian 1957-1979' erakusketa jarri du Artiumek. Ekainaren 5era arte egongo da zabalik
<em>Zura eta ura</em> egitasmoaren sortzaile eta sustatzaileak, Aquariumeko atzoko aurkezpen agerraldian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Itsas portuen erradiografia bat

Alex Uriarte Atxikallende

Argazkilaritza eta literatura uztartzen dituen 'Zura eta ura' egitasmoa aurkeztu dute Aquariumean
Langile bat Donostiako Trueba zinema aretoak desinfektatzen. ©GORKA RUBIO / FOKU

Kulturak 2021ean emandakoaren errepasoa dakar 'Jakin' berriak

Erredakzioa

Ismael Manterolak eta Ainhoa Urienek idatzi dituzte 247. zenbakiko artikulu nagusiak. Beste hainbat sinadura ere bildu dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.