Donostiako 80. Musika Hamabostaldia

Sorozabal eta Ravel EOSen kontzertuan

Jose Luis Ansorenaren omenez egingo dute kontzertua, gaur, Donostiako Kursaalean. Andra Mari abesbatzarekin interpretatuko du 'Euskal suitea'

Donostia
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) Pablo Sorozabal, Maurice Ravel eta Bela Bartok konpositoreen obra bana interpretatuko du gaur, Kursaalean, 20:00etan; Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan. Sorozabalen lana Andra Mari abesbatzarekin batera egingo dute, eta Bartokena, berriz, Rinat Shaham mezzosopranoarekin eta Mikhail Petrenko baxuarekin. Emanaldia Jose Luis Ansorenaren, Andra Mari abesbatzako sortzailearen, omenez izango dela nabarmendu du Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak.

Kontzertuaren lehen zatian,euskal konpositoreen obrak interpretatuko dituzte: Sorozabalen Euskal Suitea (1923) eta Ravelen Gaspard de la nuit (1908). Hasieran, Ravelen lanarekin hasi behar zuten kontzertua, baina Robert Treviño EOSeko zuzendari titularrak Sorozabalen lana lehenengo jotzea erabaki du: «Pieza oso garrantzitsua da, eta publikoak asko maite du. Horrez gain, kontzertua Ansorenaren omenez izateak ere eragina eduki du; berari gustatuko zitzaiolakoan nago».

Jarraian interpretatuko duten obra pianorako idatzi zuen berez Ravelek, baina orkestrarako moldatuta joko dute. Euskal konpositorearen Gaspard de la nuit interpretatzea «hasiera» bat da, Treviñoren ustez: «Lan hori orkestraren ikasketa prozesuaren abiapuntua izan da. Datorren denboraldian konpositore honen beste hainbat pieza ere interpretatuko ditugu».

Bartoken Bizarrurdinen gaztelua izango da kontzertuko bigarren zatiaren protagonista. Charles Perrault idazle frantsesaren ipuin batean oinarritutako obra da, eta senarraren sekretuak apurka jakiten dituen emaztearen istorioa kontatzen du. EOSeko zuzendariak musika entzutea beti ez dela ariketa atsegina uste du, eta, are gehiago, batzuetan «ikaragarri gogorra» eta «esperientzia deserosoa» ere izan daitekeelakoan dago: «Obra honek drama gogor bat kontatzen du; istorioa bereziki iluna da. Pertsonaien atsekabe hori sentiarazteko, abeslarien parte hartzea ezinbestekoa da. Dena dela, opera bikaina da».

Bi pertsonaien zama

Petrenko ariko da Bizarrurdin aristokrata misteriotsuaren rolean, eta Shahamek, berriz, harenemazte Judith interpretatuko du. Obrak ordubete inguru irautenduen arren, denbora osoan abesten aritu behar duela eta obra «bereziki gogorra» dela azaldu du mezzosopranoak: «Rol zaila da, baina oso erakargarria. Ahotsa tonu baxuetatik abiatu eta tonurik altuenetan amaitzen da, eta tarteko tonu guztietatik pasatzen da. Ahots tonuen tartea esparru emozionala bezalakoa da, ikaragarri zabala».

Treviñok ere Bartoken obra musikalki «bereziki zaila» dela pentsatzen du: «Orkestraren ikuspuntutik oso lan gogorra da. Bartokek partitura konplexuak idatzi zituen instrumentu guztientzat. Ezinbestekoa da, beraz, musikari guztiak egoera hoberenean egotea interpretazioa ahalik eta onena izan dadin». Hala ere, konpositore horren obrak orkestrara «aspalditik ekarri» nahi zituela onartu du zuzendariak, eta horiek jotzea taldeak «osasun ona» duen erakusgarri da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.