Haizea Barcenilla
BEGIZ

Ondo kopiatzearen artea

2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Ways of seeing(Ikusteko erak) kopiatu zezaketen, John Bergerrek 1972an BBCrako egin zuen telesail ikonikoa. Gaur egun oraindik ere funtsezko erreferentzia da ikusizko kultura ulertzeko, zeharo dibulgatiboa, jakinduriaz betea eta ikusteko entretenigarria. Aurkitzeko erreferentzia erraza da gainera, Youtuben baitago ikusgai.

Aukera hau intelektualegia kontsideratuko balute, Mary Beard kopiatu zezaketen. Erudituaren Erromari buruzko programak edozein publikorentzako egokiak dira, eta zenbaitetan telesailen errekurtsoak ere hartzen dituzte suspense kutsua mantentzeko, Pompeii: New Secrets Revealed (Ponpeiaren sekretuak) sailean, esaterako —hau ere Youtuben eskuragarri—. Artearekiko lotura oraindik zuzenagoa nahi bazuten, Beardek Simon Schama eta David Olusogarekin berriki aurkeztutako Civilisations (Zibilizazioak) eredu ona da, berau ere 1969an Kenneth Clarkek sortutakoaren berrirakurketa garaikidea.

Eredu hau dokumentalegia balitz, erreportajea ere bazen aukera, eta Hegoaldean, etxean bertan ikustekoa, La2eko Metrópolis kopiatu zezaketen, arte mota desberdinei zein arte gertakizunei eskainitako programa, artistekin elkarrizketak eta proiektu zehatzen aurkezpenak pantailara ekartzen dituena.

Eta eredu horiek guztiak gustuko ez balituzte, beti zegoen Arte TV kateak bere 25 urte baino gehiagoko ibilbidean eskainitako formatu anitzen errepasoa egin, eta hortik zerbait kopiatzeko aukera. Edo are, zerbait berria asmatzekoa.

Baina EITBk BBCko The big painting challenge (Margotze norgehiagoka handia) kopiatzea nahiago izan du, alegia, reality formatu batean zortzi pintore amateur elkartu eta hoberena izateko lehiatu daitezen —zer da hoberena, gainera? Abstraktua ala figuratiboa? Murala ala mihisea?—. Kalean jendeari euskal pintore baten izena galdetuko banio, auskalo zenbat liratekeen erantzuteko gai, eta haien artean, zeinek aipatuko zukeen 60 urtetik beherako artista bat. Baina hemendik gutxira, herritar askok zortzi amateurren izenak ezagutuko dituzte, profesionalki pintore diren horiek guztiek iluntasunean jarraitzen duten bitartean.

Bereziki aztoratzen nau programak artearen inguruan ematen duen ikuspegiak. Arimaren margolariak deitzen da saioa, eta badirudi artea benetan barnean daramazun indarra badaez dela ez ikasketarik ez azterketa kontzeptualik behar hori ateratzeko. Jenioaren mitoa betikotzen du, eta teknikari eta espektakuluari ematen dio lehentasuna, artean funtsezkoa den gogoeta prozesua ezkutatuz. Programa amaitzean, batek baino gehiagok galdetuko du zertarako balio duen Arte Ederrak ikasteak.

Halako programengatik kexatzen naizenean, bada alde ona ikusteko esaten didanik; «jendeak artearekin zerikusia duen zerbait ikusteko aukera badu, gaitz erdi», esaten didate. Baina kontrakoa da: gaitzaren sintoma dira halakoak, oso-osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.