Joseba Sarrionandia.
IRITZIA

Narratzailearen historia

2018ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Jendeak benetako gertaerak kontatzen ditu edo istorioak asmatzen. Batak besteari berriak, iritziak edo ipuinak kontatzea gizajendearen behar psikorganikoa da. Horrela, narratzailearen historia egin daiteke. Noiz hasi zen narratzailea?

Hizkera artikulatua baino lehenago ere, gauzak kontatzeko beharra zegoela pentsa daiteke. Gorputzaren adierazteko ahalmena handia da, hitzik gabe ere: keinuak, soinuak, imintzioak egin dira beti. Marrazkiak ere bai. Psikologia esperimentalean erabiltzen diren datuen arabera, gaur eguneko bizimoduko harreman normaletan ere, informazioaren ehuneko txikia da hitzez hitzekoa. Askozaz gehiago adierazten da intonazioaren edo tinbrearen bidez, eta informazioaren erdia hitzik gabeko komunikazioa da.

Hizkuntza artikulatuaren garapena bera ere, agian, gauzak kontatzeko behar gorpuztu horren ondorioa da. Homo Sapiens delakoak, ezagutza duen gizakia, primate bipedoak arrazoia, hizkuntza eta barne bizitza omen zuen. Animalia soziala zen, komunikazio gaitasunekoa eta elkarlanerakoa, ingurua ikertzeko, ulertzeko eta azaltzeko interesa zuen. Hala ere, zientzialariek ez dute adostu giza hizkuntzaren hasieraren data: batzuek duela bi milioi urtetara eramaten dute eta beste batzuek duela berrogei mila urtetara, zehaztasun falta harrigarriarekin. Dena dela, hizkuntza artikulatuaren bidez ahozko narrazioa bilakatu zen. Gizakiaren inguruarekiko jakin-minak eta ezagutza adierazteko ahalmenak erraztasun handiak aurkituko zituen hizkuntzan, kontatzeko formak eta kontatzeko gaiak ugalduko ziren. Suaren inguruan bilduko ziren, gizatalde primitiboak, kontaeren ondarea belaunaldirik belaunaldi transmititzeko.

Gero, hizkuntzaren garapenaren gainean, beste asmaketa bat izan zen: idazketa. Idazketa noiz asmatu zen? Sumeriako idazkera kuneiformea duela bi mila eta laurehun urteko taulatan agertzen da. Komunikatzeko ez ezik, idazketak kontaketa-gordailuak aportatu zituen. Hitzak ez zituen ja haizeak eramango, ez hain erraz behintzat. Idazteko ahalmenak, gauzen kontaketari beste dimentsio bat eman zion, gainera: historikoa. Idazketa ez da ahozko hizkuntzaren osagarria bakarrik, funtsezkoa da historia egiteko —gizarte analfabetoak prehistorikoak dira, gizarte alfabetoak historikoak—, eta literatura.

Eta, gainera, liburuak heldu ziren. Hasierako liburuak harlauzak ziren, edo buztinezkoak. Gero, materialak eboluzionatu zuen: papiroa landarezkoa zen, pergaminoa animalia larruzkoa eta abar. Erroiloak eta orrialdeak asmaketa ederra izango ziren. Baina liburua, liburu inprimatua, Johannes Gutenbergen asmakizuna izan zen, 1455. urtean Biblia argitaratuz, Txina edo Korea aldetik ekarririk paperaren, tintaren eta inpresioaren ideia.

XVI. mendea, badakizue, munduari bira eman zitzaion eta, itsaso nabigazioekin hasi zen globalizazio prozesua, kapitalismoarekin eta kolonialismoarekin batera. Gero Iraultza Frantsesa eta Iraultza Amerikanoa heldu ziren, nazionalismoen aroa, euskaldunek hartu ez genuen trena. Eta Iraultza Industriala, hori bai hartu genuela. Aldaketa handiak gertatu ziren eta, liburuen zabalkundearekin, kontatzen zenarekin batera kontatzeko erak ere aldatuz joan ziren. Literatura nazionalak eta literaturaren historia unibertsala deitzen dena...

XIX. mendearen azkenaldera, arte teknologiko konplexu bat sortu zen Frantzian: Lumière anaiek, kamera berezia asmatu zuten, zinematografoa, eta La Sortie de l'usine Lumière à Lyon (Langileak Lyongo Lumière lantokitik ateratzen) filma aurkeztu zuten 1895eko abenduaren 28an. Argazki jarraituen estiloko dokumentalak egiteko erabil zitekeen zinea, baina Georges Méliesek frogatu zuen istorioak kontatzeko ere izan zitekeela, amets egitea bezalakoa zela pelikula bat ikustea.

Teknologia aldetik konplexua zen zinema. Ordura arteko kontaerak, giza gorputzak baliabide gutxirekin egin ahal zituen: gorputz keinuak, hitz egitea, paper eta boligrafo hartuta. Zinema konplexuago zen, egile bakarraz gaindikoa. Ordura arteko arteak nahiko indibidualak ziren. Zineak kolektiboa izan behar zuen derrigorrez, orkestra sinfoniko bat bezala, askok parte hartu beharrekoa, nahiz eta bat izan koordinadore edo zuzendaria. Ahozko kontaerak eta liburuak hizkuntzari loturik bazeuden ere, hizkuntza diferenteen traba azpitituluen edo bikoizketaren bidez gainditu dira. Eta ikusgarritasunak eta musikak komunikazio unibertsala ematen zion zineari.

XX. mendearen azkenaldera, iraultza digitalari esker, teknologia berriek beste sasoi batera bultzatu gaituzte. Hipermodernitatea dei daiteke interneteko espazio-denborarekin lotzen dena. Liburua objektu obsoleto moduan hartzen dute askok, paperezkoa desagertzeko arriskuan omen dago aspalditik. Diskoak azkenetan daude. Zinea ere, gauza tradizional bat bezala geratzen da.

Eta narratzailearen historia laburbiltzen ahalegindu naiz, ni idazten hasi nintzenean komentatzen genuen gai bat planteatzeko: historia guztiak kontatuta daude ja, esaten genuen, ikusita literaturaren historia luzea eta gure liburutegietan sekula irakurri genezakeen baino liburu gehiago zegoela, eta ikusteko hainekoak baino pelikula gehiago. Suaren inguruan eseritako primitiboek ere horixe pentsatuko zuten momentu batzuetan, istorio guztiak kontatuta zeudela...

Orain esango nuke ezetz. Kontakizun guztiak ja kontatuta daudelako hori ez dela egia. Gertaera berriak gertatzen dira, gehiago dakigu, hobeto ezagutzen dugu geure burua. Gauzak kontatzeko modu berriak asmatzen dira etengabe. Eta ia alderantzizkoa esango nuke:

Gauzak kontatzeke daude, dena kontatzeko dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.