Haizea Barcenilla
BEGIZ

Euskal musika

2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Estilo nordikoko giroan, janari esperimentala zerbitzatzen duen jatetxe batean lan egiten du nire lagun Sandrak. Arratsaldean kafea hartzera doan jende gutxia terrazan eseri ohi dela aprobetxatuz, bere gustuko musika jarri ohi du garbitu eta afarietarako mahaiak prestatu bitartean. Arratsalde hartan Negu Gorriak entzuten ari zen laguna.

Iluntzean, turista frantsesen talde batekin etortzekoa zen gida pasatu zen halakoan jatetxetik. Ez zuen lokala ezagutzen, eta espazioa nolakoa zen ikusteko asmoz zetorren. Lekua gustatu zitzaion; musika, ez horrenbeste. Sandrari eskatu zion gauean mesedez doinu lasaiagoak jartzeko, eta berak baietz, jendea afaltzen ari zenean bestelako musika jarri ohi zuela.

Baina emakumeak beste eskari bat gehitu zuen orduan: euskal musika izan zedila gauekoa. Azkar ulertu zuen Sandrak zer sartzen zuen emakume frantses hark euskal musika kategorian, eta bizi ihardetsi zion jotzen ari zena, hain zuzen, euskal musika zela. Nahasita geratu zen emakumea; bueno, tira, ulertu didazu... «Euskal musikaz ari naiz. Badakizu».

Sandrak bazekien, denok dakigu, zer den turista askorentzat euskal musika: folklorea edo folklorean oinarritutakoa, trikitia eta panderoa, txistua eta danbolina; hizkuntza magiko eta arrotzean ahoskatzen diren soinu misteriotsuak; afari bateko elkarrizketan arreta lapurtuko ez dutela jakinda jarri daitezkeen melodia exotiko baina leunak (albokak ez, arren!).

Iraganean izozturik egon behar du euskal musika-k: ez zaio gitarra elektrikoaren zipitzik onartzen, akustikoaren akorde pare bat gehien jota. Kanpoko eragina baimentzen zaio soilik berea bezalako kultura antzinako (eta galdu) batetik badator: bretainiarra, eskoziarra, zelta orokorrean. Purutasuna zikinduko ez duten doinu arkaikoak, alegia.

Euskal musika horrek ez du garaikidetasunik. Ez da aldatzen, ez da globalizatzen, ez du esperimentatzen. Ez dago gaur egungo mundurako prest. Ez daki rocka zer den, ezin du pop hitza ulertu, punkak izutzen du. Harriak jaso eta berriz erortzen uztearen antzekoa da: atabikoa, baina sinplea. Mugatua.

Musikaz ez ezik, euskal kulturaz orokorrean ari dira irudi hori zabaltzen geure turismo-politikak. Euskal kultura folklorea da, hots, galdu ez dadin musealizatu dugun hondar exotikoa, Iparraldean saltzen diren oihaletako lauburuen antzeko aztarna dekoratiboa. Euskal Herrira datozenak euskal kultura pintxoak jan bitartean gozatuko dute, baina garaikidetasuna BBK Liven biziko dute erdaraz edo ingelesez abesten duten musikarien eskutik, edo atzerritik datozen artista benetan modernoen lanak ikusiz Guggenheimen. Gure politikek hilotzaren irudia proiektatzen badute, nola sinetsarazi datozenei oraindik bizirik gaudela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.