BEGIZ

Lekuan lekuko altxorrak

Haizea Barcenilla
2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Udako ezusteko aurkikuntza izan da Eva Kmentova txekiar artistaren lana. Artearen historia benetan unibertsala balitz liburu guztietan egongo litzatekeen horietakoa da haren obra. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan lurralde sobietarretan eskuratzeko errazak ziren materialekin (zementuarekin bereziki) egindako bere eskulturetan gorputzaren arrastoak agertzen doaz: hatz punta ugariek soina markatzen duen silueta zeharkatzen dute; semearen hankak zementu-xaflan puzten dira, gorpuaren eta gorputzaren arteko mugak zalantzan jarriz; igeltsu gaineko eskuen aztarnak pinpilinpauxa bilakatzen dira. Politikari aipamen zehatzik egin gabe, norberaren lurraldea den gorputzaren aldarrikapen oso politikoa egin zuen Kmentovak, geografikoki ez ezik, kultura eta ideologiaren ikuspegitik ere oso urrun zeuden lurralde kapitalistetako artista feminista askoren lanen hari berberean.

Gorputzaren mugak intimoki ezagutu zituen artistak, bere azken bost urteetan larriki gaixo egon baitzen, 1980an hil zen arte; urte horietan fisikoki kudeatu zitzakeen materialetara jo zuen, paperera bereziki, harekin eskultura txikiak eta collageak eginez. Berriz ere, artea benetan unibertsala balitz, Hannah Wilkek ia bi hamarkada geroago egingo zituenekin erlazionatuko lirateke artistaren lanok, eta artea, bizitza eta heriotza lotzen dituen edozein klasetan derrigorrezko materiala lirateke. Zein ederra litzatekeen artista bien lanak aurrez aurre ikustea erakusketa batean.

Pragan ezagutu dut Kmentovaren lana, bere senarra izandako Olbram Zoubeken obrekin batera osatutako erakusketa batean. Kasualitatez Pragara oporretan joan izan ez banintz, ez dut uste sekula lan honekin topo egin izango nukeenik. Txekiar errepublikan ondo dakite hori, eta euren erakargarritasun turistikoa aprobetxatzen dute esportatzeko aukera izango ez dituzten artistak erakusteko. Estrategia ona da: lurralde txikia da, nazioartekotzeko indar eskasekoa, baina urtero bost milioi bisitari dituena; zergatik ez probestu egoera norberarena ezagutzera emateko? Eta ez soilik hit komertzialak, edo jada ezagunak diren artistak (Alfons Mucha adibidez, aski ondo esplotatzen dutena) baizik eta, batez ere, esparru murritzagoetan ibilbidea egin duten eta hizkuntza txikietan soilik ikertuak izan diren egileak.

Globalizazioak maiz pentsarazten digu artista onartu, ezagun eta nazioarteko baten erakusketa egiten badugu, turista gehiago erakarriko ditugula, baina ni behintzat nekatuta nago Pragan, Stockholmen, New Yorken edo Beijingen poke eta pizza jan eta Picassoren erakusketak topatzeaz. Ez al goaz (eta ez al datoz) bidaian lekuan lekukoa ezagutzera? Txikiak garen lurraldeok, turismoa ekidin ezin badugu, erabili dezagun behintzat gure harribitxi ezkutuak munduari erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.