Ismael Manterola
BEGIZ

Gabonetako argiak berriz ere

2018ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Sarritan idatzi izan dut garai honetan Gabonetako argiei buruz, gustu eskaseko ekimen publikoak salatzeko. Barre artean gogoratzen dut gabon batzuetan herrian jarritako Swarovski motako beltxarga argiztatuak eragin zuen eztabaida. Ikusita nire lana alferrikakoa izan dela, eta jendeari Gabonetan kaleak argiz eta betiko Gabonetako irudiekin beteta ikustea gustatzen zaiola onartuta, artisten laguntza bilatu behar dugula iruditzen zait, urtez urte errepikatzen den dekretuz agindutako zorion faltsu horretatik ihes egiteko. Adibidez, orain dela urte batzuk Bartzelonan abiatutako ekimen interesgarria edo, gutxienez, integratzailea dago.

Auzoetan zein motatako argia jarri behar zen hausnartzen hasi ondoren, Ravalen edo Bartzelonako alde zahar zailenean #RavalKm0 izeneko ekimena bururatu zitzaien. 2015. urtean jaiotako ekimenaren proiekturik ezagunena hurrengo urtean burutu zen, Gabonetako argiztapenaren harira. Auzoko 60 biztanle, dendari eta langile Maria Espeus izeneko argazkilariaren aurrean jarri ziren erretratuak ateratzeko. Langabezian zeuden eta gobernuz kanpoko erakundeko partaide ziren auzoko biztanleek led argi motako zuntzera eraman zituzten erretratu horiek, kaleetan eskegitzeko. Argiak bi diseinatzaileren artean egin zituzten. Gainera, argazkilariaren erretratuak auzoko dendetan erakutsi zituzten, Gabonetako argiak piztuta egon ziren bitartean.

Proiektu parte hartzaileak zeharo aldatu zuen ordura arteko Gabonetako argiztapena. Auzoko jendearen parte hartzeaz gain, artistak ere auzoan integratu zituen: ideiaren sortzailea, argazkilaria, argien diseinua egin zuten diseinatzaileak, eta abar. Gainera lana eman zien lanik ez zutenei, eta GKEei, integratzeko aukera.

Zorionez, ekimenak jarraipena izan du 2017an eta aurten ere, eta argazkilari ezberdina aukeratu dute erretratuak egiteko, gero led argietara eramateko. Horrekin batera, dendetan banatuko dituzten poltsek argazkien serigrafiak izango dituzte, biztanleen erretratuak guztien artean banatu ahal izateko.

Ez da ideia txarra gure hiri eta herrietan urtero-urtero ikusten ditugun antzeko dekorazio kitsch eta garestiak eguneratzeko. Emaitza ikusgarria edo txundigarria izan gabe ere —hasieran aipatutako Swarovski motako beltxargaren modura—, uste dut merezi duela horrelako arriskuak hartzea, Gabonetako argiztapenak dakarren alferrikako diru xahuketaren gaineko hausnarketa serioa egin arte behintzat. Agian, bururatzen zaidan arazo bakarra da argiak jartzen dituzten enpresen oztopoa, beti baitago lanpostuak sortzearen aitzakian ohitura eta egokiak ez diren praktikekin jarraitzen tematzen den jendea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.