Haizea Barcenilla
BEGIZ

Dekorazioa (izango) gara

2019ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Ibilbide zabal baten beste aldean ikusten dugu denda, neguko gau goiztiarrean argiz gainezka dir-dir. Gure begirada liburuzalea pizten da, agerikoa baita liburu-denda handia dela, alez betea zorutik sabaira arte. Pozik gurutzatzen dugu errepidea, baina, hurbiltzen goazen heinean, susmoak ere hurbiltzen doaz: zergatik dago erakusleiho horretan, liburuen artean, maniki bat? Eta beste hartan, handi eta luzean, jertse batzuk? Liburu-denda da edo arropa-denda? Honen pareko hiriburu chic-etan ugaritzen ari diren concept store bat ote, diot nik, galtzerdien ondoan bizikleta garestientzako osagarriak, zineko poster zaharrak eta kaktusak saltzen dituzten horietakoa? Bikoteak nire baiezkortasunez tindatutako xalotasuna miretsiz begiratzen nau. Azken semaforoa berde jarri da, eta ondoan gara.

Arropa denda bat da, hain zuzen, Sonia Rykiel diseinatzailearena. Izoztuta gaude eskaparatearen aurrean: maniki bakarra, soinean duen arropa-atal bakoitza 600 eurotik gorakoa, eta, inguruan, zenbat? Mila liburu? Mila eta bostehun? Benetako liburuak, jendeak noizbait irakurri eta maite edo gorroto edo, besterik gabe, aspergarritzat jo dituen liburuak. Beste erakusleiho batean, Rykielen urteurrena ospatzeko jertse bana diseinatzera gonbidatu dituzten zazpi sortzaileen proposamenak. Bostek mila bana euro inguru balio dute; beste batek, bi mila eta bostehun; azkenak hamaika mila euro balio du. Eta erakusleihoaren atzean zabaltzen da berrehun metro koadro aise dituen lokala, apalez goitik behera jantzita, izkina bat ere ez liburuz estali gabe. Zenbat? Hogei mila liburu guztira? Hogeita hamar mila? Barnean, bospasei pertsona ari dira arropa begiratzen, liburuen artean ibiltzen, pintatutako papera balitz bezala, halako «dekorazio originala» laudatzen akaso.

Eskaparatearen aurrean gaude, gure langile-klase-oinordeko aurpegi txunditu eta amorratuaz, dekorazio bihurtutako jakintza, sorkuntza, ilusio, abentura, tristezia, asperdura, fantasia, lilura horri guzti horri begira. Zenbat ordainduko zuten liburu guzti horiengatik? Pare bat jertseren prezioa? Lokal honetan bigarren eskuko liburu-denda bat egongo zen agian eta, kultur ekimen askok bezala porrot egin zuenean, lau sosen truke erosiko zuen Rykielen manager azkarren batek, geratzen zen guztia barne?

Zelako metafora bikaina, ordea: ezin argiago erakutsi kapitalismoak kulturarentzako erabakia duen etorkizun oso hurbila. Dekorazioa (izango) gara, adiskideok, espektakuluaren dekorazioa; kapitalismoak kultur industriaz mozorroturiko elkartruke barbaroen marko edertuan kokatuko den dekorazio originala, dibertigarria, desberdina; edukiz hustua, edo, hobeto, edukia duela oihukatzen duen bitartean, balizko erabiltzaile ondo hezituen begietara azal hutsa besterik ez den objektua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.