Albistea entzun

BEGIZ

Artistak

Haizea Barcenilla -

2019ko urriak 22

«Koreografoa naiz, baina zuek ere bai nahi baduzue», esan zuen Pantxika Telleriak. Eta arrazoia zuen. Herritar katalanek koreografiarako euren ahalmena erakutsi digute azken egunotan. Lehenengo, dantzari izan dira. Euren banakako gorputzak abian jarri dituzte, mugimendu horrek kalean izango duen presentziaren bidez ematen dien indarrari erreparatuta. Eta dantzari bilakatu ostean, koreografo izan dira. Gorputzen arteko mugimenduen uztartzea antolatu dute, batzuenek besteenak osatu dituzte, edo kontrapuntua eman; eta milaka gorputzez osatutako gorputz bakarra mugitu dute, astindu dute, espazioak zeharkatuz eta horiei esanahi berria emanez. Ordutik, errepide horiek «martxak zeharkatu zituen» errepideak izango dira; koreografia sozialaren sinbolo.

60ko hamarkadan, emakume artista askok gorputzen irudikapena abandonatu eta gorputzen presentziaren alde egin zuten: irudi izatetik, performer izatera pasatu ziren. Gorputz baten irudiaren aurrean eta gorputzaren beraren aurrean gure erreakzioa erabat desberdina baita. Gizonek kontrolatu zituzten mendez mende emakumeen irudiak; hortaz, emakume horiek gorputzak bereganatu eta bestearen begiradaren aurrean jarri zituzten, jabekuntza aldarri batean.

Esther Ferrerrek, kasurako, gorputzaren presentziari aurrez aurre begiratzera behartu zituen asko, ikuslearena beharrean artistarena zela adierazteko. Argi uzteko gorputz hori espazioan, eta ondorioz gizartean, existitzen zela; eta bera, gu, garela presentzia horren jaun eta jabe bakarrak. Herritar katalanek egin dutena performance kolektiboa izan da, gorputzaren presentziaren bitartez gorputz kolektiboaz jabetzea, espazioan izaki fisiko, kritiko eta politiko gisa agertu direlako.

Tamalez, bada presentzia horren kontra altxatzen denik ere: Joan Brossaren Intermedi lanean, aulki huts hiru daude atril eta partitura batzuen aurrean, musikariek utzita. Aulkien kontra geldo eta mutu dauden instrumentuak metrailetak dira. Musikariek museoa utzi ei dute (Artiumen baitago lana) Kataluniako performanceari euren doinua gehitzeko, azken egunotan bala soinuak bakarrik falta baitzaizkie Poliziaren sinfoniei lurralde horietan.

Eta Esther Ferrerri bere lehenengo performanceetan puta deitzen zioten horiek datozkit gogora, bere emakume gorputza espazioan presente egotea onartzen ez zuten horiek guztiak, euren bala hotsak erabiltzen, garaiko partiturei jarraikiz, gaurko musikari ilunek aurrez finkatutako partiturei jarraitzen dieten modu berean. Zorionez, sinfonia ilun horiek ez zuten lortu Ferrerrek performancea uztea. Eta nago egungo beste doinuek ez dutela ekidingo katalan herritarrek performatzen jarraitzea. Handiegia da arteari dioten maitasuna.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Oscar Gomez eta Esperanza Lopez —ezkerretik hasita, lehenengo biak—, hiru performerrekin batera. ©Iñigo Uriz / Foku

'Harrespila' ikuskizuna Oteiza museoan eskainiko dute asteburuan

Ane Eslava

L'Alakran taldearen performance bat da. Oteizaren teorietatik abiatuta, cromlech bat osatuko dute parte hartzaileekin batera. Hamabi saiotan egingo dute, eta izena emateko aukera zabalik dago.

Ekoizleak, zuzendaria, aktore nagusiak eta instituzioetako ordezkariak, pelikularen aurkezpen prentsaurrekoa baino lehen, atzo, Bilboko Azkuna zentroan. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Hilezkor izateak ikaratuta

Amaia Igartua Aristondo

Gaur estreinatuko dute Igor Legarretaren 'Ilargi guztiak' filma, Bilbon, Fant jaialdiaren inaugurazioan. Heriotzak eragiten duen beldurraz dihardu, hilezkortasuna lortzen duen pertsonaia baten begietatik

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.