Ismael Manterola
BEGIZ

Artistak burbuilan

2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Egunkari honek berak argitaratutako elkarrizketan, Cristina Iglesias artistak adierazi zuen Donostiako Santa Klara uhartean egiten ari den artelanaren asmoa «natura kontserbatzearen aldeko balioak transmititzea» dela. Baina ez da igarlea izan behar Santa Klarako itsasargi barruan jarriko duten artelanak uhartera jendea erakarriko duela jakiteko. Arduradun politikoek kontrakoa esan arren, Donostia parke turistiko bihurtzeko beste urrats bat izan daiteke Santa Klarako proiektua.

Gauzak asko aldatu dira Txillidak eta Peña Gantxegik Haizearen orrazia eraiki zutenetik. Gaur egungo arte publikoak askoz ere errespetu handiagoa dio ingurumenari, eta horren adierazle da Txillidak Tindayan egin gabe utzi zuen proiektua. Denok dakigu natura kontserbatzeko modurik onena hura bakean uztea dela. Robert Smithsonen Spiral Jetty berriaren eta Richard Longen A Line Made by Walking land-arteko adibideen artean, bigarrena aukeratuko nuke.

Eskultoreen zeregina formak sortzea baino askoz ere lan konplexuagoa da. Jende guztiak bezalaxe, artistak muga batzuen barruan egiten du lan, nahiz eta mugak puskatzea eta zeharkatzea izan askotan helburua. Hala ere, artista ez da inoiz askatasun osoz mugitzen bere lanean; inguruak edo diruak asko baldintzatzen du artistaren zeregina, eta, hain zuzen, hori da gehienetan artelanen kalitatea neurtzen duena: baliabideen eta askatasunaren arteko oreka.

Horregatik harrigarria iruditzen zait artista batek esaten duenean bere lanak «herritarrak» ohartaraziko dituela inguru naturala zaintzeko beharraz, horretarako inguruko oreka puskatu behar bada ere. Horrekin batera, diru publikoaren erabilerari buruzko ardurarik ezak ere harritzen nau. Artelan bat derrigorrean jarri behar da? Nahiz eta hasierako aurrekontua hirukoiztu den?

Ederra izango da Iglesiasen lana, seguru nago; ni ere Santa Klarara joateko desiratzen egongo naiz bukatzen dutenean, baina Iglesiasen enegarren iturria izango dela dirudi zirriborroak ikusita. Valentziako Bombas Gens zentroan edo Santanderreko Botin zentroaren inguruan kokatu dituen iturrien antz handia izango duela ematen du. Horretan ez da oso originala izan, nahiz eta oraingo honetan bi desberdintasun nabarmen dauden: bat, eraikuntza baten barruan izango da (hau da, ez du inguruarekin harremanik izango), eta bi, guztion artean ordainduko dugu.

Beldur naiz, beste behin ere, politikarien harrotasunak eta arte gaietan duten ezjakintasunak atzera bueltarik ez duen proiektu megalomanora eramango ez ote gaituzten. Ez al dugu Tabakaleratik ikasi? Badirudi Donostiako alkate bakoitzak bere aztarna utzi nahi duela donostiarren diruz ordainduta.

Nik uste, ezer baino lehen, galdera batzuk egin beharko genizkiokeela geure buruari artelan publiko bati hasiera eman baino lehen: Santa Klara uharteak artelan bat behar al du? Erantzuna baiezkoa bada, zergatik ez lehiaketa antolatu? Artista bati egindako enkargu zuzenak esparru publikoaren «praktika onen kodea» hausten du. Eraikuntza lanetan halakorik egiten ez bada, zerk justifikatzen du artean egiteak? Donostiako Udalak Cristina Iglesiasen artelan bat behar badu, eros diezaiola eta kito.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.