Haizea Barcenilla
BEGIZ

Gorputzak pandemia garaiko museoetan

2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun

Museoak bisitatzea beti izan da gorputza baldintzatu duen ekintza. Museoak espazio erritualizatuak dira, Carol Duncanek idatzi bezala: haietan, portaera-kode zurrunak bete behar dira; poliki ibili, baxu hitz egin. Gainera, arau horiek espazioak eta taldearen jokabideak inplizituki transmititzen dituzte, inon argi adierazita agertu behar izan gabe. Norbera autorregulatzen da museoan, eta, une batez despistatzen bada, nahikoa izaten da ondoko bisitariaren begirada zeiharra, ahotsaren tonua jaitsi edo artelanetatik aldentzeko.

COVID-19aren eraginetako bat autoerregulazio inplizituari erregulazio esplizitua gehitzea izan da, museoak ikuslea ibilbide osoan zehar babesteko, eta, bide batez, kontrolatzeko betebeharra baitu orain. Bi aditzak modu kezkagarrian ari dira sinonimo bilakatzen. Autoerregulazioaren garaian, ongi pentsatutako arkitekturak eta seinale soilek gidatzen zuten bisitaria, askotan ia berori konturatu gabe. Pandemiaren garaian, agur esan zaio sotiltasunari, eta erakusketa espazioa debekua adierazten duten stop zeinuz zein bidea markatzen duten geziz bete da.

Ezagun ditudan museoen ateetan urduritasuna sentitu dut garai pandemiko honetan, eta ez kutsatzeko arriskua artelanen artean zain sumatzen nuelako, baizik eta urteetan halako espazioetan aritzeko garatu dudan trebezia kolokan sentitzen nuelako: nondik sartzen da orain? Hango gela horretara joan nahi badut, zein bide hartu behar dut? Zerbait ikusi gabe uzten badut, edo berriz ikusi nahiko banu, nola egin dezaket espazioan atzera? Aspaldi sufritu gabeko hanka sartzearen beldurra nabaritu nuen bisitetan, polizia bilakatutako geletako zaindarien begirada urduriak areagotu zidana.

Egoera honen aurretik ere, espazio erritualizatuak izanik, jada zenbait jende ez zen eroso sentitzen museoetan; lehen aldiz bisitatzen zituztenean lekuz kanpo senti zitezkeen, arau ezezagunen pean. Orain, deserosotasun hori zabaldu egin da, eta kodeak ezagutzen genituenok ere sentitzen dugu ezinegona. Egia da pandemiaren ezinegona ez dela museoen ezaugarri esklusiboa: zein hiri-espaziotan egon gaitezke erabat lasai eta eroso? Baina aurretiko baldintzei espazioen antolatze martziala eta kontrol poliziala gehitzen bazaizkie, zaila izango da ikusleria berria erakartzea.

Eta hor dago koska: turismoak halabeharrez behera egin duen honetan, museoek inoiz baino gehiago behar dute bertako ikusleria. Turismoaren logikara bideratutako kanpainak baztertu, eta bertakoak erakartzeko une aproposa izan zitekeen, baina kondizioek ez dute hori erraztuko. Azken finean, ulergarria da ohitura ez dutenek museoetara joateko gogo gutxi izatea, gustuko ditugunon gorputzak ere lekuz kanpo sentitzen badira bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.