Ismael Manterola
BEGIZ

Diseinua

2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Nola definitu zer den diseinua? Hauxe izaten da ikasleekin izaten dudan eztabaida kurtsoko lehendabiziko eskola orduan. Gehiegi jakin gabe eta gure esperientzia zuzenetik begiratuta, inguratzen gaituzten objektuen erabilgarritasuna errazten duen zeregina izango litzatekeela erantzungo genuke, objektua zentzu zabal batean ulertuta, ordenagailua, arropa, kartela, eraikuntza, web orria edo erakusketa aretoa izan.

Hala ere, XX. mendean sistema ekonomikoak hartu zuen norabideak aginduta, kontsumoa suspertzea bihurtu da diseinuaren gaur egungo egitekoa. Bizimodua errazteko objektuak sortzeko edo gizartearen beharrak asetzeko lanean jardun beharrean, badirudi gaur egungo diseinuak produzitzen ditugun gehiegizko objektuen konpetentzian lehiatzea duela helburu. Beharrak sortzen ditugunez eta gehiegizko gauzak produzitzen ditugunez, behar berri horiek eta zaharrak asetzeko, diseinuak eroslearen arreta jasotzeko estrategiak asmatu behar ditu. Eroslea esan dut, erabiltzailea jarri beharreko tokian, gure sistema ekonomikoak gizakia erosle bihurtu duelako. Erabiltzaile zorrotz eta kritikoa izan beharrean, itxura hau edo bestearen artean aukeratzera murriztu digute gure askatasuna. Gure buruetan izaten ditugun eztabaidak ez dira behar dut beraz eskuratuko dut, baizik eta zeinen artean aukeratuko dugun. Behar dugula onartuta daukagunez, ez dugu ezbaian jartzen.

Horregatik, azken hogei urtetako diseinua oso akritikoa izan da, eta ez du asko pentsatu materialetan (lurra agorrezina izango balitz bezala), egileen lan baldintzetan edo birziklatzean. Zorionez, azken hamar urteetan gauzak aldatzen ari direla ematen du, nahiz eta askotan itxurakeria hutsa edo aurpegi garbiketa izan. Adibidez, argindar konpainia handien edo Gipuzkoako erraustegiaren publizitate kanpaina berdea diseinatu duen estudioak ba al du etika profesionalik? Izan behar al du? Gure unibertsitate publikoan arma enpresentzako diseinatzen diren gailuek teknologiaz bakarrik arduratu behar al dute?

Gaur egun, diseinuak, diziplina moduan, galdera askori erantzun beharko liokeela iruditzen zait, ez bakarrik arazo formalei, komunikatiboei edo estetikoei. Horregatik, gero eta interesgarriagoa izango litzateke diseinua unibertsitate mailako hezkuntzara igotzea. Langile eta tekniko onen heziketa ezinbestekoa da, baina ezin da diseinua merkatuaren eta irabaziaren irizpidera mugatu. Hausnarketa egitea ezinbestekoa da, gizarte justuagoa nahi badugu. Industrializazioaren garaian diseinua gure mundua hobetzeko sortu ez bazen ere, horren alde egitea beste aukerarik ez dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.