Haizea Barcenilla
BEGIZ

Telecinco efektua

2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Orain egun batzuk, Rocio Carrascok, Rocio Juradoren alabak, prentsa arrosatik prentsa formalera ezusteko saltoa egin zuen. Aurreko 25 urteetan Antonio David Floresengandik pairatutako tratu txarren esperientzia kontatu zuen Telecincok sortutako dokumental batean. Senar ohiak berari buruz zabaldutako ama txarraren irudiak eragin zion kalte psikologiko eta psikiatrikoa adierazi zuen Carrascok. Saioa ikusle-fenomenoa izan zen, eta biharamunean denon ahotan zegoen, Ana Rosa Quintanatik hasita, Irene Monteroraino. Egun berean, Mediaset enpresak, Telecincoren jabeak, Antonio Davidekin lan-harreman oro apurtu zuen.

Iritzi emaile askok azpimarratu bezala, garrantzitsua da popularki ezaguna den figura batek bere bizipenak tratu txartzat identifikatu eta hauek salatzea; erreferentzia funtsezkoa izan daiteke antzeko egoeran dauden emakume askorentzat. Bada, ordea, atentzioa eman duen beste puntu bat: dokumentala sortu duen enpresa berbera izan dela senar ohiari bere bertsio iraingarria zabaltzeko aukera eman diona. Eta ez behin edo bitan programa batera gonbidatuz, baizik eta modu jarraian, hogei urtez, programa desberdinetan eta eskuarki ordainduz.

Zer da Telecinco efektua, beraz? Patriarkatuaren sistemaren parte eragile izatea; funtzio azpiratzaile argia betetzea; eta sistemak gizartean sortzen duen ezinegonaz ohartzen bazara, sistema bera zalantzan jarriko ez duen eta zeure burua zurituko duen keinu bat egitea. Telecincok Antonio David bota du, baina ez da larrituko ekoizten dituen programek zabaltzen dituzten genero estereotipo eta klixeengatik. Alegia, Antonio Daviden ikusgarritasuna ahalbidetu duten programek berdin jarraituko dute, Antonio David gabe baina honek antzezten zuen genero rola hartuko duen beste gonbidaturen bati txaloka.

Eta zer da Telecinco efektua artean, bada? Adibidez, museo batean emakumeen lanak erosteko programa berezi bat ezartzea, aldi berean bilduma soilari askoz diru gehiago zuzentzen zaionean (hau da, gizonezko artista serioen lana erostera); emakume bati aldi baterako erakusketa eskaintzea, baina bilduma iraunkorrean artista hori emakume izate hutsagatik bigarren mailan ahokatzen duen diskurtsoa indartzen jarraitzea; edo emakumezko gutxi batzuei sariak ematea (Gure Artea Saria, kasurako), emakume artista heldu andana erabat ahaztuta hiltzen doan bitartean, haien lana aztertu eta argitara ekartzeko ikerketako laguntzak ez direlako planteatu ere egiten. Pozgarriak dira emakumeei egindako erosketak, erakusketak zein emandako sariak, Rocio Carrascok ahotsa izatea pozgarria den bezala; baina horrek sistemaren logika ezkutatu eta betierekotzen badu, dirudiena baino aurrerapauso askoz txikiagoa da.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.