Ismael Manterola
BEGIZ

Alaezen laranja azalak

2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Harriduraz begiratzen genion 90eko hamarkadan Euskal Herriko artista gazte batzuen ausardiari, bai materialak erabiltzerako orduan, bai gaiak lantzerakoan. Txunditzeko modukoak iruditu zitzaizkidan itsasteko erabiltzen den zeloa edo hautsetako trapuekin Gema Intxaustik egindako kutxak. Era berean, gogoan dut zer azalekoak eta jostalariak iruditu zitzaizkidan Ana Laura Alaezek aurkeztutako trikotatutako laranja eta limoi azalak. Garai hartan gutxik hartu zuten serio, batez ere 60ko eta 70eko hamarkadetako euskal eskulturaren topikoei lotuta zeudenak. Hala ere, Alaez bidea egiten hasi zen Angel Badosen Artelekuko tailerrean parte hartu zuenetik.

Guretzat Alaezen lanak freskotasun handia ekartzen zuen. Pisu handiegia (literala eta metaforikoa) zuten proposamen eskultorikoen aurrean, materialen gaineko aurreiritzirik ezak, adibidez, aukera ematen zuen emakumeen inguruan erabilitako gaiekin lan egiteko, edo urte haietan kultur mugimendu alternatiboek zabaldutako hainbat ekimen edo ideien gaineko hausnarketa egiteko. Adibidez, hiesak sortzen zuen beldurra artelanetan islatuta ikusteak zirrara berezia sorrarazten zigun (latexez egindako galtzak, adibidez).

Memoria ariketa hori eta zerbait gehiago sumatu dut Ana Laura Alaezek Bilboko Alondegian jarri duen erakusketa ikusten ari nintzen bitartean. Todos los conciertos, todas las noches, todo vacĂ­o (Kontzertu guztiak, gau guztiak, dena hutsik) izenburuak artistaren lan batzuekin bat egiten du, batez ere, 2000. urtean Madrilgo Reina Sofia Museoan aurkeztutako Dance&Disco obrarekin. Garai hartan oso modan zeuden tendentzi aldizkarietan ikusten genituen modernotasun cool hark gure erosotasunetik ateratzen gintuen, eta, parte hartzeko gogoa pizten bazigun ere, hasieran aipatutako aurreiritziek indar handia zuten oraindik.

Zorionez, Bilboko Alondegiko erakusketa ez dago modu kronologikoan antolatuta, eta horrek aukera eman die artistari eta ikusleari aurreko lanetara bueltatzeko. Garai hartako krotxetezko laranja azalak ez dira hain azalekoak gaur egunetik ikusita; alderantziz esango nuke, ikaragarrizko indarra dute eta zuten bere garaian ere. Alderdi kontzeptual batetik begiratuta ere, eskultura beste moduko ariketa ere izan zitekeela aldarrikatzen ari zen, nahiz eta gutako asko ez konturatu, edo beste modu batera ulertu. Eskulturara hurbiltzeko beste modu horrek bizirik jarraitu du Alaezen lanetan gaur egunera arte. Aske eta ikerketan oinarrituta, espazioaren eta zentzuen esperientziaren artean, gainazalaren ukimenari dei egiten eta egituraren eraikuntza desegiten, emakumearen mundutik gizatasunean murgiltzen.

Indartsua eta sendoa ikusten da artistaren 30 urteko ibilbidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.