Albistea entzun

BEGIZ

Proiektu estrategikoen pandemia

Haizea Barcenilla -

2021eko ekainak 8

Txertaketa aurrera doan heinean, abiadura apur bat hartzen ari da pandemiak geldiarazitako bizitza kulturala. Azken urtea motela eta gogorra izan da: erakusketak atzeratu dira, emanaldiak zein proiektuak bertan behera geratu dira. Kulturgileek euren ahotsak entzunarazi behar izan dituzte instituzioengandik laguntza jasotzeko, eta baliabide bereziak jarri behar izan dira abian oso prekarioa den ekosistema bizirik mantendu asmoz.

Bitartean, mundu paralelo batean, Cristina Iglesias artistak Hondalea proiektu erraldoia gauzatzea lortu du, eta une ezin egokiagoan (turistak berragertzearekin batera) ateak ireki ditu. Lau milioi eta erdi kostatu da, eta batek pentsatuko luke halako proiektu bat (artelan bakarra, artista baten proiektu pittin bat megalomanoa, irlan isolatuta egoteagatik pare bat urtez geldiarazita ere ez duena hiriko garapenean eragingo) krisi garaian izozten lehena izango litzatekeela, xurgatzen duen dirua beste norabaitera bideratzeko; baina ez, kontrakoa da joera. Halako proiektuak dira, hain zuzen, zalantzan jarri ezin direnak.

Azken finean, proiektu estrategikoa da Hondalea, Guggenheim museoa edo Bilboko Arte Ederren Museoaren zabalkuntza diren moduan. Deigarria da, diru publikoa beste esparruetara bideratu behar izan den une honetan, Guggenheim museoa erakusketen plangintza aldatu ez duen bakanetarikoa izatea; bisitari (eta hortaz, diru sarrera) askoz gutxiago jaso dituen arren, ez du erakusketarik atzeratu. Deigarria da, gainera, inork ez duela zalantzan jarri ea unerik onena den Arte Ederren Museoaren eraikina zabaltzeko, eta horretan gastatuko diren 19 milioi euroak premiazko kultura arloko beste eginbehar batzuetan inbertitzea ez litzatekeen hobe. Museo txikiago gehienen aurrekontuak moztuko dira, eta sortzaileei bideratzen zaizkien laguntzak ez dira indartuko, kultur programazioak behera egingo duela dakigun arren. Alta, garabiek mugimenduan diraute; gezurra badirudi ere, Urdaibaiko Guggenheima bera ere aipatu dute azken asteotan.

Proiektu estrategikoak. Estrategikoak zeinentzat? Zertarako? Ez al da estrategikoa krisiak agerian utzi duen kultur sortzaileen ekosistemaren ahulezia sakonki aztertu eta hura konpontzeko beharrezkoak diren egiturazko aldaketak bideratzea? Inork sinesten al du une honetan euskal kulturak behar duena bi eraikin erraldoi eta turistei bideratutako instalazio espektakularrak direla? Nago eraikuntza enpresa, ostalaritza eta hotelentzat badirela hauek proiektu estrategikoak, baina zailtasunak ditut kultur edukiari dagokionez, sareen sendotzeari dagokionez, kulturgileen egoera hobetzeari dagokionez, ezer ekar dezaketen ikusten. COVID-19aren kontrakoa bai, baina proiektu estrategikoen pandemiatik libratuko gaituen txertorik oraindik ez da asmatu, antza.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ana Laura Alaezen bideo pieza. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Igarotzea, Ana Laura Alaezen pieza berriaren ardatz

Amaia Igartua Aristondo

‘Queer eramaileak: doblea eta errepikapena’ ondu du artista bilbotarrak, Multibertso bekari esker. Bilboko Arte Ederren Museoan ikusi ahal izango da irailaren 5era bitartean.

Oihana Iguaran bertsolaria, atzo eguerdian, Donostiako Miramar jauregiko balkoi batean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Kultur sortzailea izan ezik

Gorka Arrese

Pandemia garaian antzerkian, musikan, artean eta bertsotan jasandako kontuez jardun dute EHUko uda ikastaroetan. Fuchs, Furyak, Gantzarain, Iguaran eta Astiz mintzatu dira

Harkaitz Zubiri, atzo goizean, Miramar jauregian egindako hitzaldian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Are premiazkoagoa larrialdian

Gorka Arrese

Pandemia garaiko kulturgintzaren egoera eta erronkak zein diren argitu nahian dihardute EHUko uda ikastaroetan. Mintzola ahozko lantegiak hamar hitzaldi eta bi mahai inguruko egitaraua antolatu du
Itziar Leemansen <em>Parque Lenin</em>. Larunbateko saioan egilea egonen da. ©ATALANTE

Docketan Topa film festibalak emazteak izanen ditu protagonista

Ainize Madariaga

Bihartik larunbatera ospatuko dute, Baionako Atalanten. Emazteek euskal zinemagintzan zer toki duten ikertuko dute ortziralean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.