Ismael Manterola
BEGIZ

Galeriak

2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun
Donostiako arte garaikideko galeriek elkartea sortu dutela iragarri dute (DGGE) eta, aurkezpen gisa, denboraldiaren zabaltze kolektiboa egin zuten aurreko asteburuan. Hiriburu askotan egiten den moduan, arte galeria pribatuek eta Tabakalerak erakusketak batera zabaltzea erabaki dute, antolatzen dituzten ekimenei oihartzun handiagoa emateko.

Zerbait beharko da, erakusketa aretoetan dabilen jende kopuru urriari erreparatzen badiogu. Nahiz eta bidaiatzen dugunean arte museo handiak eta ezagunak bisitatzen ditugun, gure etxe aldameneko arte zentroetara edo galerietara joateko ohiturarik ez dugu.

Arte zentroen gaia alde batera lagata, arte galerien azken urteetako gainbehera adierazgarria egin zaigu arte munduan gabiltzanoi. Behin baino gehiagotan entzun dugu paradigmaren aldaketa eta galerien pixkanakako desagerpena. Euskal Herriak orain dela hogei urte hamar galeriatik gora bidaltzen zituen Madrilgo ARCO azokara, eta azken urteetan kopuru hori ez da hiru galeriara iristen.

Negozioaren berrantolaketan, Madrilek artearen salmenta handien negozioa monopolizatu duela esan daiteke, baina beste zerbait ere gertatzen ari dela suma dezakegu. Galerietako jabeek beraiek esaten dutenez, jendea ez da erakusketak ikustera joaten eta salmentak Interneten edo bezero agenden bidez egiten dituzte; beraz, gaur egun ez da beharrezkoa toki fisiko bat izatea artea saltzeko. Bestalde, bildumazale txikia (hein batean galerien bezero fidela eta negozio askoren zutabea zena) desagertu egin da ia erabat.

Alde batetik, ulergarria da birtualitatearen aroan artelan fisikoak desagertzea eta salerosteko moduak ere birtualak bihurtzea. Sistema ekonomikoak aldaketak jasan ditu azken urteetan, eta erromantikoa izango litzateke pentsatzea artearen merkatuak aldaketa horietatik kanpo geratu behar duela. Behin eta berriz errepikatu izan digute galeriek, artea saltzeaz gain, funtzio kulturala ere betetzen dutela, eta ados nago baieztapen horrekin. Hala ere, merkatuaren legeak gogorrak dira, eta oihan horretan bizirauteko saldu egin behar da. Azken urteetan artearen salmentak jaitsi ez badira ere, eroslea aldatu egin dela esan daiteke, eta horrek galeria batzuei eragin die. Horri erakunde publikoen erosketen etetea gehitu behar diogu. Erosle edo bildumazale handiak artea erosten jarraitzen du, eta horrek galeria handiak mantendu ditu, baina lehen aipatutako bildumazale afizionatua desagertzear dagoen espeziea dela esango nuke. Ogibide liberalak zituztenek erosten zuten artea: mediku, abokatu, ingeniari, arkitekto, gestore eta abarrek, bai jaso zuten kultur formazioak artea apreziatzeko aukera ematen zielako, bai gastatzeko dirua zutelako eta baita prestigioa ematen zielako ere: hau da, goi-erdiko klaseko kide bihurtzen zituelako. Baina gaur egun, artearen prestigioa debaluatua dago. Gizartean sumatu ditugun balio aldaketekin, gastatzeko dirua duenak auto garestietara, belaontzietara, Michelin izardun jatetxetara edo urrutirako bidaietara bideratzen ditu bere etekinak. Kulturak klase marka galtzea ez zait gaizki iruditzen, baina arte galeria txikiei ez dio mesede handirik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.