Haizea Barcenilla
BEGIZ

Ordezko ondarea

2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Zoragarria da Taülleko Sant Climent eliza, eta zoragarria ere bertan zeuden pintura erromanikoak ordezkatzeko ekoiztu duten ikus-entzunezkoa. Elizaren burualdean kokatzen ziren pinturak, baina gaur egun horien arrasto finak, ia kolorgeak besterik ez dira geratzen. Azken urteotan bailarako elizak publikoarentzat egokitzen ibili dira, eta falta diren artelanak ordezkatzeko hainbat errekurtso erabili dituzte: adibidez, herri berean dagoen Santa Maria elizan zehaztasun handiko argazkiak paratu dituzte pinturak egon ziren lekuan.

Sant Climenterako, aldiz, ikus-entzunezkoen proiekzioa hautatu dute, ondarearen zabalkundean gero eta erabiliagoa izaten ari den errekurtsoa. Hainbat arrazoi daude bere arrakastarako: lehenengoa, nahi denean piztu eta itzaltzeko aukera ematen duela, eliza biluzik edo jantzita erakusteko. Bigarrena, ezer egonkorra inposatu gabe espekulatzeko aukera ematen duela. Hain zuzen, oso ohikoa da halako pinturetan atalak faltan egotea, eta, beste garai batzuetan, lasaitasun osoz margotzen ziren hutsune horiek, galdutakoa berreginez edo berrasmatuz. Hala, ikusleari nahastea sortzen zitzaion askotan, ez baitzekien zer zen originala, eta zer arkeologo edo errestauratzaileen uztakoa. Proiekzio batek aukera ematen du, Sant Climenten gertatzen den eran, erabat galduta dauden ataletan zer egon zitekeen proposatzeko eta, ikus-entzunezkoa amaitzen denean, benetan geratzen dena erakusteko.

Eta azkenik, ikus-entzunezkoek aukera bikaina eskaintzen dute artelanen inguruko narrazio bat emateko. Taüllen marrazkiaren sortze-pausoak erakusten ditu proiekzioak, baina ez hori bakarrik: une batean argia jaitsi, burualde guztia ilundu, eta kandela batekin bagindoaz bezala argitzen doa margoa, zatika eta gutxika, behetik gora, ertzetatik zentrora, Erdi Aroko ikusle batek ikusiko zukeen moduan. Hau paradoxa: gaur egungo ikus-entzunezko teknologiak orain dela bederatzi mendeko ikusle baten esperientzia ulertarazteko biderik onena eskaintzen digu.

Azken urteotan, beraz, asko dira galdutako ondarea ordezkatzeko eta ondare-lekuak bere osotasunean helarazteko garatutako teknikak. Baina Taüll eta Boi Bailarako elizen kasuan zehaztapen bat beharrezkoa da, pinturak ez baitaude galduta: Bartzelonan dagoen Catalunyako Arte Museo Nazionalean baizik, 250 kilometrora. XX. mendearen hasieran jatorrizko elizetatik kendu zituzten bertara eramateko, eta ondorioz, bestelako baliabideak bilatu behar izan dituzte Boi Bailaran eliza horien arima osatzeko. Eta zergatik ez dituzte pinturak bere jatorrira itzultzen, galdetuko du norbaitek. Bada, hemendik bi astera MNACera bidaia egin beharko dugu, arrazoiak deskubritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.