Ismael Manterola
BEGIZ

Euskal Herriko emakume abstrakziogileak

2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Zer gertatuko litzateke Bilboko Guggenheim museoan zabaldu duten emakume artisten eta abstrakzioaren arteko harremana Euskal Herriaren testuingurura ekarriko bagenu?

Hain zuzen, hutsunea sumatu nuen Guggenheimeko erakusketan Euskal Herriko emakume artisten inguruan. Zorionez, Donostian jaiotako Esther Ferrer eta Azpirotzen urteetan bizi izandako Elena Asinsen lanak erakusketan ikusgai daude, baina Ferrer Parisen bizi da, eta, erakusketaren antolatzaile den Pompidou zentroak bere lanak ditu bildumetan. Asins, bestalde, gero eta gehiago baloratzen den artista bat da, batez ere Madrilgo Reina Sofia museoak 2016. urtean eskainitako erakusketari esker, hil ondoren bere lanak Madrilgo museoari utzi baitzizkion.

Horregatik, aurreko belaunaldiko euskal artista baten hutsunea sumatu nuen, Maria Paz Jimenez Euskal Herriko abstrakziorako erabakigarria izan zelako. Gerra ondorengo urteetan figurazio berezian lan egin arren, 1950. urte inguruan arte mundua txundituta utzi zuen paper gainean gouache teknikaren bidez egindako lanekin. Parisen gero eta ohikoagoa zen keinu-abstrakziotik eta kubismoaren irakaspenetatik eratorritako euskarriaren geometria analitikoaren arteko elkarketa berezia lortu zuen lan txiki baina monumental haietan. Hortik aurrera, Jimenezek ikerketarako bideak zabaldu zituen, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan lantzeko.

Figurazioa inoiz alde batera utzi ez bazuen ere, bere bizitzaren azken urteetan (1975. urtean hil zen) ikerketa ildo oso pertsonalean lan egin zuen, zurrunbiloek mihisearen gainazalean eragiten zituzten planoen elkarketaren inguruan. Horrek zulo beltzera doazen lur koloreko eta grisak diren hiru dimentsioko espazio bereziak sortzen ditu, edo, beste modu batera ulertuta, zulo beltzetik sortzen den planotan antolatutako espazio emankorra irudikatu zuen.

1950eko hamarkadaren bukaeran eta 1960ko hamarkadaren erdialdean, abstrakzio materikoagoa landu zuen, garai hartako artista askok egiten zuten modura. Hondarra gehitu zion pintura oreari paisaia bereziak sortzeko, edo barruan argia zuten ehundura gogorren bidezko koadro arre ilunak pintatu zituen.

Seguru nago, Jimenezen lanek bat egingo luketela Guggenheimen eskegita dauden Bigarren Mundu Gerraren ondorengo beste emakume abstrakziogileen lanekin. Nik Maria Helena Vieira da Silvaren eta Vera Pagavaren koadroen artean kokatuko nituzke, eta Marta Pan, Alicia Penalba eta Parvine Curieren eskulturekin batera. Baina, zoritxarrez, ez dago. Arrazoi ugari egon daitezkeJimenezen hutsunea azaltzeko. Guggenheimek erakusketaren Bilboko atala antolatzeko aukeratu duen komisarioak euskal artista ez ezagutzea izan daiteke horietako bat? Erakusketak berak kanonetik eta zirkuitu nagusitik kanpo geratu diren emakumeen ikusezintasuna kritikatzen du; horren adibidea izan daiteke Maria Paz Jimenezen kasua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.