Haizea Barcenilla
BEGIZ

Instalazioak kontatzen duena

2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Ohituta gaude arte garaikideko erakusketetan horma zuriz inguraturik egotera. Kubo zuria deitu izan den espazio abstraktu batean sartzen gara, non lanak modu autonomoan aurkezten zaizkigun, ia kanpo-espazioko kapsula batean baleude bezala. Barneratu dugu hori dela artea ikusteko modurik onena, lanari eragingo dion beste kolore edo formen interferentziarik gabe; gure banakako begirada autonomoa lan autonomoaren aurrean, edozein baldintzatatik aske.

Aitzitik, artea erakusteko modu hori ez da izan historikoki gehien erabili dena, ezta historia luzeena duena ere. 1920ko hamarkadaren inguruan erabiltzen hasi ziren modernismoarekin lotutako zenbait mugimendu, De Stijl kasurako; lan abstraktuak egiten zituzten, eta abstrakzio horren parte zen naturaren erreprodukzio hutsa izateari uztea eta hizkuntza propioa garatzea. Hortaz, espazio zurian hizkuntza berezi horretan barneratzeko aukera bilatzen zuten.

Beste mugimendu batzuek, ordea, hizkuntza horri muzin egin zioten, eta gizarte-egoerarekin lotuago zeuden instalazioak aukeratu zituzten. Famatuak dira, besteak beste, Berlingo 1920an egin zen Lehen Dada Nazioarteko Feria eta surrealisten erakusketak. Horietan, lanak lurretik zorura instalatzen ziren, ikuslea gaineztatuz; paretetan esaldi probokatzaileak zintzilikatzen ziren, eta surrealisten 1938ko mostran ikuslea deseroso sentiarazteko hainbat bide erabili zituen Duchampek, sabaian ikatzez beteriko zakuak zintzilikatuz, adibidez.

Hala ere, instalazio probokatzaile horiek eta kubo zuria salbuespena izan ziren 1950eko hamarkadara arte, museo gehienek kolore ilun eta dotoreko paretak eta bata bestearen gainean kokatutako lanak hautatzen baitzituzten ordura arte. MoMA izan zen espazio zuriaren logika orokortu zuena. Guda osteko AEBen bultzada kapitalistarekin bat zetorren espresionismo abstraktuarentzat espazio aproposena zen, arteak espazio bereizi propioa aldarrikatu baitzuen orduan: artearen eginkizuna ez zen natura islatzea, eta are gutxiago gizartea errepresentatzea, diziplinaren hizkuntza formal autonomoa garatzea baizik. Eta, horretarako, kubo zuria gizarte-baldintzetatik independentzia, objektibotasuna eta neutraltasuna erakusteko baliabide gisa erabili zen.

Ez da harritzekoa, beraz, artea gizartearen baldintzapenen eraginpean sortutako adierazpentzat ulertu duten mugimendu kritikoek (feminismoak eta dekolonialismoak, esaterako) bestelako instalazioak aldarrikatu izana. Izan ere, naturalizatuta dugun diskurtso hegemonikoaren ustezko neutraltasunaren iruzurra salatzeko, horri eusten dion euskarriaren pitzadurak argitara ekartzea ezinbestekoa baita. Erakusketa baten koloreak, espazioak eta formak ez dira, beraz, kontu estetikoa soilik: hautu politikoa ere badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.