Ismael Manterola
BEGIZ

Bilbea eta irazkia

2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Gonbidapen polita egiten digu Gabriela Kraviez artistak Still Obsessive Lady izeneko erakusketan aurkeztu dituen koadroen bidez. Brodatuen eta patroien irudikapenetan oinarrituta, artearen historian eraiki diren hierarkia eta kanonen inguruko hausnarketa eskaini nahi digu Euskal Herriarekin harreman estua duen eta Parisen bizi den artista argentinarrak.

Badirudi Carreras Mugica galerian ikusgai jarri duen pintura seriearen jatorria 1999an hasitako proiektua dela, nahiz eta 2004an baztertu zuen, beste ikerketa gaien alde. Obsessive Lady izeneko egitasmo hura bueltan etorri da azken urteetako artearen historiako aldaketen harira, eta hori da oraingo erakusketaren izenburua: Still Obsessive Lady.

Niri koadroak beraiek oso erakargarriak iruditu zaizkit, nahiz eta oinarri teorikoa edo artistaren asmoak ez ezagutu. Kraviezen lana beti ikusi dut oihalgintzarekin harremanetan, alderdi formalaren eta kontzeptualen aldetik begiratuta, eta, horregatik, oraingo honetan ez naute gehiegi harritu galerian ikusgai dauden lanek.

Hala ere, azalpen teorikoa irakurri nuenean brodatugintzan erabili izan diren ereduak edo patroiak eta emakumeari jarri zaizkion ereduen edo patroien artean artistak egiten duen harremanak erakarri ninduen. Brodatuen lana emakumeen lantzat hartu da historian zehar, eta, horren ondorioz, bigarren mailako artisautza lan moduan ikusi izan da. Emakumeari eman zitzaion hezkuntza burgesak ere egoera horretara eraman gaitu, batez ere Espainia frankistan nagusi zen hezkuntza pribatu erlijiosoan emakumearentzat egokiak ziren zereginei erreparatzen badiegu, horien artean norberaren ezkontzarako arreorako izaretan abizenaren lehen hizkia (senarrarena aurretik, noski) brodatzea edo jaiegunetako mantelen dekorazioa gurutze-puntuan jostea.

Heziketa burges hori jende guztiaren eskura egon ez arren, emakumeen portaera egokiaren eredu bihurtu zen mendebaldeko gizarteetan, eta hortik dator Kraviezek egiten dituen harremanak brodatuen patroien eta gizarteko patroien artean. Beraz, modernitate mota batek eta abangoardiak indartsuago kritikatutako dekorazioa ez da hain hutsala izan; horren atzean genero eta klase irakaspenak eta aurreiritziak ezkutatu izan dira.

Kraviezek beste abangoardia mota baten ildoaren babesean jartzen du bere burua, eta Popova, Stepanova edo Rozanova errusiarrek nahiz Sonia Delaunay-Terk eta Sophie Taeuber-Arp, Gego eta Lygia Pape artistek egindako lanaren bideak aztertzera gonbidatzen gaitu. Kasualitatez, suertea dugu Guggenheim museoan dagoen Emakumeak abstrakziogile erakusketan izen horiek eta beste asko topatuko ditugulako zuzenean ikusi ahal izateko eta Gabriela Kraviezen lanen bilbearekin irazkia lotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.