Ismael Manterola
BEGIZ

Eskulturaren topikoak

2022ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Azken hilabetean egunkari honetan pare bat erakusketaren berri irakurtzerakoan, harrituta geratu naiz oraindik ere eskulturaren inguruan zabaltzen diren topikoekin. Gasteizen zabaldutako erakusketa bati buruz hitz egiterakoan, parte hartzaileetako batek eskultore eskasiari buruz hitz egin zuen, esanez bere belaunaldian emakume eskultorerik ez zegoela. Horri buruz idatzi zuen Haizea Barcenillak atal honetan artikulu polita. Duela pare bat aste, berriz, 95 eskultore biltzen duen Gaurko euskal eskultura izeneko erakusketa prentsari aurkezterakoan «eskulturaren sektorea» egoera nahiko kaskarrean dagoela adierazi zuen antolatzaileetako batek.

Harrituta irakurri nituen adierazpen horiek, nire ustez Euskal Herrian eskulturak izugarrizko maila izan duelako eta duelako gaur egun ere. Agian eskultura zeri deitzen diogun izan daiteke iritzi kontrajarrien iturria. Hain zuzen, BERRIAn argitaratutako artikuluaren arabera eta antolatzaileen adierazpenei jarraituta, «sekulako pluraltasuna» omen dago erakusketan parte hartzen duten artisten materialei eta teknikei erreparatzen badiegu. Hala ere, harria, egurra eta burdina aipatzen dira aurrerago, eta horrek materialen murriztasunari eta tradizionaltasunari buruz hitz egiten digu pluraltasunari baino gehiago. Ba ote dago plastikoz egindako eskulturarik erakusketan? Hariz edo oihalez egindakorik? Beiraz edo paperez?

Eskultore guztiak 20x20x20 neurrira egokitu behar izan dutela adierazten da artikuluan; beraz, antolatzaileek artistak objektuak egitera bultzatu dituzte, eta kanpoan utzi dituzte Rosalind Kraussek 60ko hamarkadan proposatu zuen espazioan hedatutako eskulturaren kontzeptuari jarraitzen dioten eskultura joerak. Bolumenen arteko harremanak, bolumenen eta espazioen artekoak, bere horretan agortzen ez diren bolumenak lantzen dituzten eskulturek edo giza gorputzaren eta espazioaren arteko harremana ikertzen dutenek ez dute eskulturaren izena merezi? Erakusketaren berria irakurtzen ari nintzela, ikasketetako azken urtean izandako aurkikuntza antzeko batekin gogoratu nintzen: irakasle batek galdetu zigun non bukatzen zen Dan Flavinen fluoreszentez osatutako eskultura, non zegoen horrelako artelan baten muga, alegia. 1989a zen eta oraindik ez nituen oso ondo ulertzen 60ko eta 70eko hamarkaden artean gertatutako aldaketak. Gero etorri ziren Eva Hesse edo Jenny Holzerren lanekin topatzea, artista ezagunenak besterik ez aipatzearren.

Diziplinartekotasuna gauza ederra da eta ez diot ikusten inolako eragozpenik, nahiz eta eskulturak berezkoak dituen ezaugarriak mantendu nahi dituztenen lana ere interesgarria iruditzen zaidan. Jarrera eta joera ugari daude eskultura izenaren aterkiaren azpian eta hobe genuke guztiei arreta jartzea inor kanpoan utzi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.