Ismael Manterola
BEGIZ

Performancearen sinpletasuna

2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Jende askok arazoak ditu denboraren arteekin; pintura edo eskultura arazo handirik gabe baloratzen baditu ere (gustatu edo ez gustatu), performancea bezalako proposamenek ihes egiten diote, edo ez ditu behar bezala estimatzen. Ez da arraroa jendeak performance direlakoak txantxetan hartzea edo proposamenaren inguruko benetakotasunaren zalantzak azaltzea. Baina denboraren beste arte batzuen aurrean ez dute hainbesteko erreparorik azaltzen, antzerkiaren edo dantzaren aurrean, adibidez.

Niri hilaren 5ean performance eder batez gozatzea tokatu zitzaidan Guggenheim museoan. Emakumeak abstrakziogile erakusketaren harira, Polonian jaio baina Frantzian bizi den Ola Maciejewska dantzari, koreografo eta performerrak Parisen ospetsua bihurtu zen Loie Fuller dantzari estatubatuarrari buruzko Ikerketa izeneko lana aurkeztu zuen.

Poloniarra oihal beltzean sartu zen Loie Fullerren azalean jartzeko eta XX. mendearen hasierako dantzaria ospetsu bihurtu zuten jira-bueltak emateko loreen formak, espiralak eta zurrunbiloak osatzeko. Gorputzaren eta espazioaren arteko harremana nabarmena bilakatzen zen besoek oihalak astintzen zituztenean edo gorputz enborra biraka hasten zenean. Horrelako momentuetan, historian zehar eskulturaren ezaugarri izan den espazioaren eta bolumenaren arteko harremanen ikerketan gorputzak hartzen duen protagonismoan pentsatzen hasi nintzen; gainera, kolorearen eta mugimenduaren osagaiekin elkartuta, inpresio hura indartu egin zen.

Ola Maciejewskak, oihal beltzaren azpitik irtetean, Loie Fuller izateari utzi zion, berriz ere beste kolore bateko oihalean sartzeko, oraingo honetan horia. Horrekin, Loie Fullerrek koloreekin egindako ikerketa eta esperimentazioa adierazi nahi zituen dantzariak. XIX. mendearen bukaerako eta XX. mendearen hasierako Parisko oholtzetan Fullerrek ikuskizunetan erabil zitzakeen argi moten inguruan laborategi moduko bat antolatu zuen, garaiko zientzialariekin izan zituen harremanei esker, batez ere Thomas Alva Edisonekin eta Marie Curierekin. Gatz fluoreszenteak eta erradioaktiboak edo argi beltzak (geroago gure diskoteketan hainbesteko erabilpena izan zutenak) eszenografia eta jantzietan egiten zituzten islak eta efektuak landu zituen ikuskizun harrigarriak eskaintzeko.

Guggenheimeko performanceak hau guztia transmititu zuen era oso sotil eta sinplean, aktore bakar baten eta bi oihalen bidez. Edertasuna eta interesa eragiteko ez da asko behar; giza gorputza eta oinarrizko materiala nahikoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.