Ismael Manterola
BEGIZ

Zorrotzaurre

2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
«Munduko lehen bira Bilboko irla bati», hitz horiek erabili zituen Iñigo Astizek martxoaren 19an Zorrotzaurreko irlaren inguruan egindako txangoaren berri emateko.

Orain dela ez asko irla berri bat dago Bilboko ibaiaren bokalean, Zorrotzaurreri eskuinaldeko ibaiertzarekin lotzen zuen lur zatia kendu ziotenetik, hain zuzen. Ez dakit zein izan den alferrikako lan horiek egiteko arrazoia, batez ere oso argi ez dagoenean zer irabazi dugun Zorrotzaurre irla bihurtuta.

Kasualitatez, Naoneden (Nantesen) nengoen Bilboko txangoa egiten ari ziren bitartean, eta han ere badago hiriaren izena daraman irla bat, Loira ibaiaren erdian. Eta, toki guztietan bezala, hiriaren zabaltze planek aspalditik hartu dute irlaren zati handiena (Zorrotzaurre baino askoz ere handiagoa den lur eremua dela argitu behar dut, Bilbotarrek barka nazaten!).

Zorrotzaurren bezala, Ile de Nantes izenekoak ere industria handien erabilpenak izan ditu XIX. eta XX. mendeetan zehar. Halere, hutsik geratu diren fabrika erraldoiak ez dituzte suntsitu edo desagerrarazi Zorrotzaurren egin duten modura (salbuespen bat edo beste izan ezik), beste erabilpen batzuk bilatu dizkiete egiturak mantenduta, hau da, industriaren memoria mantenduta. Seguru asko, egongo da kritikatzeko arrazoirik eta gentrifikazio planik Naoneden ere, noski, Nouvel arkitektoak eraikitako epaitegi erraldoia horren lekuko, baina eraikuntza industrial askori erabilpen publikoa eman diete, adibidez Naonedeko unibertsitateko fakultate batzuek: Arte Ederrak, Arkitektura eta Helduen unibertsitatea (gure Esperientzia gelak ). Bilbon, aldiz, irlaren aurrean klinika pribatu bati eta, Zorrotzaurren bertan, diseinu akademia pribatu bati eman zaie eraikitzeko lurra; azken hori aldaketaren ikur bihurtuz, gainera.

Naoneden fakultate berriak eraikitzerako orduan ez dituzte guztiz desagerrarazi aurreko fabrika zaharrak. Horren ordez, industria zaharrak moldatu egin dituzte aurreko izaera mantendu dezaten, ahal den neurrian. Horren ondorioz, Naonedeko irlak bere iragana gordeko du, eta hurrengo belaunaldiek jakingo dute gaur egun ikasteko edo aisialdirako erabilitako orubeak lan gogorraren bidez lortutako herentzia direla. Hain zuzen, aisialdirako arkitektura eta eskultura proiektu oso interesgarriak abiatu dituztelako da ezagun irla delako eremu hori. Zorrotzaurrerako eredu polita izan daiteke, nahiz eta horretarako lurraren espekulaziori tartea kendu beharko zaion. Horretarako prest daude gure hirietako agintariak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.