Ismael Manterola
BEGIZ

Artiumek hogei urte

2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Artiumek hogei urte bete ditu. Arte garaikidearen euskal zentro moduan jaiotakoa heldutasunera iritsi da, eta errazagoa den Artium Museo izena erabiliko du hemendik aurrera. Ibilbide gorabeheratsua izan du hogei urteotan, baina, artearen ikuspuntutik begiratuta, balorazio positiboa egin dezakegula uste dut.

Guggenheimen itzalean jaio zen, eta, nire gusturako, eraikuntzarekin ez zuten asmatu, baina, hogei urte kostatu bazaio ere, bere izaera topatu duela esan dezakegu. Hasieran ez genekien oso ondo nola bideratuko zuen Arabako Arte Ederren museoaren herentzia, ezta nola txertatuko ote zen Gasteizko arte garaikidearen sarean ere, batez ere, Amarika aretoaren itxierak sortu zuen polemikak eraginda. Lehenbiziko hamar urteetan norabide argirik gabe ibili ondoren, 2010. urte inguruan hasi zen nortasuna finkatzen: bertako bildumak erakusteko moduak aztertzen, ibilbide interesgarria zuten Euskal Herriko eta nazioarteko artisten erakusketak antolatzen eta Euskal Herriko artista gazteei arreta eskaintzen.

Hala ere, krisi garaiak iritsi ziren, eta Artium baztertuta geratu zen, bizirauteko arazoak izateraino. Aurrekontua museoa zabalik mantentzeko besterik ez zen iristen, eta lan taldearen tamaina txikiak, langile batzuen egoera prekarioarekin batera, ez zuen baikorra izateko aukerarik ematen.

Baina 2018an izandako zuzendaritza aldaketak itxaropenerako bidea zabaldu zuen. Artiumek aldaketa behar zuen, profesional gazteago bat, dinamikoago bat, eta erabakiak hartzeko moduan zena. Nahiz eta pandemiako urte gogorrek aldaketarako aukera gutxi eman, aldaketa nabarmenak sumatu ditugu Gasteizko museoan. Aurretik zetozen bideetan sakontzeaz gainera, beste bide berriak zabaldu dituzte hiriko eragile batzuekin bat egiteko. Euskal Herriko artista gazteei zuzendutako erakusketak urrats nabarmena egin du azken bi urteetan, eta, une honetan, adibidez, hiru euskal artistaren erakusketak ikus ditzakegu —handiagoak edo txikiagoak izan—, nazioarteko artista baten proposamen zabala, eta Euskal Herriko testuinguru zuzenari begiratzen dioten beste bi erakusketa: bilduma berrantolatzen eta osatzen duen Zeru bat hamaika bide izenekoa eta Pentsatzeko leku bat, 1957. eta 1979. urteen artean Euskal Herrian egon zirenhezkuntza esperientziak aztertzen dituena.

Horrekin batera, hezkuntza programak eta jarduerak ere aipatu behar dira, sarritan museo bat bizirik mantentzen duten ekimenak baitira: hitzaldiak, film proiekzioak (euskal filmategiarekin bat egitea pozgarria izan da), ikastaroak, eta bisita gidatuak egiten dira, adibidez, gordailuetako bildumetara eta kanpoko plaza zabala erabilgarri bihurtu duen lorategira.

Zorionak eman behar dizkiogu, beraz, hogei urte bete dituen Artium Museoari, eta ospatzeko modurik onena museoa bisitatzea izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.