Ismael Manterola
BEGIZ

Bide ekologikoak

2022ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Propaganda zerbitzuek hasi dute Urdaibaiko Guggenheimen aldeko kanpaina. Erakunde publikoek oso argi ez dauden proiektuen aldeko propaganda makineria martxan jartzen dute gizartean interesatzen zaizkien ideiak zabaltzeko. Horretarako, komunikabide batzuen laguntza izaten dute, eta guztion artean gure buruan proiektuen aldeko mezuak zabaltzen dituzte gehiengo batek onartu arte.

Oraingo honetan, hitz magikoak jasangarritasuna eta lana izango dira. Buruan sartuko digute eskualde batek arazo ekonomikoak dituela, etakonponbidea kulturarekin harremana duen proiekturen bat izango dela. Hala ere, tokiaren berezitasuna ezagututa (Biosferako erreserba omen da), proiektua berdez tindatuta salduko digute: ekologiarekin harremana izan behar duela, alegia.

Erakunde publikoen aldetik propaganda ondo egingo dute; ondo egiten ari dira. Ez dezala Bizkaiko Aldundiak beldur handirik izan, Urdaibaiko Guggenheim proiektua egingo da, bitartean ez bada zerbait gogorra gertatzen behintzat (beste pandemiaren bat, kolapso energetikoa, itsasoaren mailak ez baditu aurreikusitako tokiak ur azpian harrapatzen edo gero eta pobretuago dagoen jendeak ez badu «nahikoa da» esaten). Kontrako ahotsak isilarazten trebeak direnez, berehala esango dute «betikoak» direla etorkizunaren kontra daudenak; badakizue, Lemoizko zentralaren kontra borroka egin zutenak, kandelen bidez argiztatzera eta azak jatera kondenatu behar gintuztenak.

Egingo delako (ez dago aurkakoa pentsatzeko arrazoirik, azken 30 urteetako erakunde publikoek bultzatutako makroproiektu guztiak egin direlako), ez dut ulertzen zergatik jarraitzen duten proiektua azal berdearen bidez estaltzen. Hilaren hasieran, Bizkaian gehien saltzen den egunkariak zioen administrazioak behar diren tramiteak hasi dituela Urdaibaiko museoak izango dituen bi egoitzak eraikitzeko. Zaharberritutako industria eraikuntza hauen lotura «bide ekologiko» baten bidez egingo omen da. Hor nire buruak krak egin zuen, eta nazka sentitu nuen, umekeriaren eta manipulazioaren artean dagoen zerbait irakurrita. Zer da bide ekologikoa? Bideak ekologikoak izan al daitezke?

Hizkera horrekin nazkatuta nagoenez, Bizkaiko Diputazioari eskatuko nioke ez torturatzeko gehiago horrelakoekin. Proiektua arriskuan ez dagoenez, esan dezatela argi eta garbi turismoan negozio aukera topatu dutela eta alde batera utz ditzatela kultura, artea, berde, ekologiko, jasangarri eta antzeko hitzak. Estrategia berari jarraituz, Donostiako Udalak turismo zinegotziari turismo jasangarria izena jarri dio. Barregarria geratzen dela pentsa dezakegu, guri barre egiten digutela ez bageneki. Askotan, Zaldi Eroa komikigilearen tiretako gizon gorbataduna kar-kar egiten azaltzen zait senda ekologikoa edo turismo jasangarria hitzak irakurtzen ditudanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.