Ismael Manterola
BEGIZ

Aitzindariak: Ana Olaizola

2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
«Artearen historian ez da inoiz ezer gertatzen». Hitz hauek bota zituen Rosa Olivaresek, arte kritikoak eta editoreak, Ellas izeneko 1900. urte aurreko emakume artisten hiztegiaren aurkezpenean. Olivaresen iritziz, nahiz eta emakumeek artean izandako parte hartzearen gaineko ikerketak aurrera egin, zaila da aldaketak sumatzea artearen sistemaren barruan.

Ados nago kritikoaren ikuspuntu ezkorrarekin, baina, tarteka, esfortzu handiak egin ondoren, zerbait aldatzen da. Aldaketa txikiak dira, baina, aldaketa txiki asko batuz gero, artearen historian zerbait aldatzea lortu daiteke.

Ni EHUko Artearen Historiaren Sailean sartu nintzenean bertan topatu nuen aldaketa txiki baina aldi berean garrantzitsuak egiten ari zen irakaslea. Ana Olaizola Arte Ederren Fakultatean bi aldaketa handi bultzatzen ari zen. Alde batetik, bera izan zen fakultatean artearen historia euskaraz irakatsi zuen lehen irakaslea, eta, bestetik, bera izan zen XX. mendeko artearen irakasgaiaren edukietan gizonezko eta emakumezko artisten artean parekidetasuna proposatu zuen lehendabiziko irakaslea.

Azken erabaki horrek 1990eko hamarkadaren bukaeran izan zituen eragozpenak ugariak izan ziren, gaur egunetik ikusita ez baikara konturatzen sasoi hartan emakume artisten gaineko ikerketa zein egoera hasi berrian zegoen. Horri gehitu behar diogu irakasleen eta ikasleen mesfidantza, lehenek uste zutelako artearen historia idatzita zegoela eta artista handiak edo jenioak (guztiak gizasemeak) ikasi behar zirela nahitaez, eta ikasleek nahiago zutelako beraien buruetan sartuta zeuden artista jenioen ideiak ikasi, topikoak ziurtatzeko. Adibidez, irakasgaiko egitarautik Van Gogh pintorea kentzea erabaki zuenean Suzanne Valadoni tokia egiteko, irakasle ziren kide batzuek astakeriatzat hartu zuten, eta ikasleek beraiek ere esaten zuten Valadon ezin zela Van Goghekin alderatu artista moduan. Aldaketa txiki hauek beren burua feministatzat zuten artista eta irakasle emakume batzuen kontrako jarrera ere eragin zuten, emakume artista ezagun handiei tartea egiteko gomendatzen baitzuten, eztabaida sor zezaketenak alde batera utzi behar zirela argudiatuta.

Hala ere, Ana Olaizolak aurrera egin zuen, eta Arte Ederren fakultateko ikasle euskaldun belaunaldi batentzat erreferente artistikoak aldatu egin ziren; inpresionista, inpresionista-ondorengoa, espresionista, abstrakzioa edo beste mugimendu artistiko bat hartu, eta beti zegoelako emakumeren bat. Orain, Ana Olaizola gure artean ez dagoenean, pentsatu nahi dut berak egindako gauza txiki horiek artearen historia aldatzeko gai izan direla, haren atzetik antzeko asmoak dituzten asko etorri direlako, eta, gaur egun, artearen historia aldatzen ari garela sinistu nahi dut. Nire errespetu, maitasun eta amirazio guztia niretzat lankide baino gehiago bizitzaren irakasle izan den Ana Olaizolari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.