Haizea Barcenilla
BEGIZ

Vatikanoko museoetara ez joateko arrazoiak

2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Zutabeak idazterakoan, zenbaitetan izenburu zirikatzaileak erabiltzen ditugu irakurlea erakartzeko. Maiz, gure biktima azkar konturatzen da trikimailuaz: edukia izenburuaren kontra agertzen dela, alegia. Ez da hau kasua. Vatikanoko museoetara ez joateko arrazoiak emango ditut benetan. Esan gabe doa, noski, irakurleren bat arte ikaslea bada, edo Rafaelen jarraitzaile sutsua, edo gaitz freudiar baten ondorioz Kapera Sistinoarekin amets egiten badu gauero, bulda duela.

Has gaitezen errotik: zergatik doa jendea Vatikanoko museoetara? Batez ere, Kapera Sistinoa ikusteko. Izan ere, bisitari askok ez du konplexuaren tamaina irudikatzen; ordutxo batean ikus daitekeela uste du. Ez zaio bururatzen sarreratik kaperara ordubete luze emango duela galerietatik barna, jende andanaz inguratuta, txanponak, mapak, gurutzeak eta mosaikoak bazterrean utzita. Eta gainera, nekeak jota kaperara iristean, kostako zaiola eserleku bat harrapatzea, eta, manifa batean nola, artalde baten erditik ikusi beharko dituela pinturak, zutik eta lepoa hondatuta. Behin nahikoa dela erabakitzen duenean, ez dezala uste irteera ondoan dagoenik: bueltan ibili behar joaterakoan egindako bidea. Arte maitalea izanik ere, zaila da irteterakoan museoak ez gorrotatzea.

Erromara doazen bisitari gehienek egun gutxi pasatzen dituzte hirian, eta bat galtzen dute Vatikanoko museoetan. Galdu, alde batetik, museoetara sartzeko ordubeteko ilara dagoelako, sarreraren 17 euroez gain itxaronaldia ekiditeko beste lau ordaindu ez badituzu; eta ateratzerakoan atseden ordutxo bat giza eskubidea delako. Eta galdu, bestetik, Erromak mila altxor dituelako, eta Kapera Sistinoa horien arteko bakarra baino ez delako.

Adibidez, sabai-pintura harrigarriak daude Sant'Ignazio eta Il Gesu elizetan; San Pietro in Vincolin, gehienek bisitatuko duten Foroaren ondoan, Michelangeloren Moises eskultura; Santa Maria del Popolon eta San Luigi dei Francesin, Caravaggioren pintura bikainak, leku horietarako bereziki eginak; eta Santa Maria della Vittorian, Berniniren Santa Teresaren eskultura. Hauek guztiak debalde ikus daitezke. Laokoonteren ordezko gisa, Massimo alle Termeko museoan Diskoboloa eta Via Labicanako Augusto daude ikusgai, hala nola Liviaren lorategiaren pintura txundigarria. Barberini Galerian errenazimentuko pinturarik bikainena dago, eta, zerbait desberdina bilatzen duenarentzat, Santa Constanzaren mausoleoa eta ondoan dituen katakonbak esperientzia ederra izan daitezke. Zerrendaren jarraipenak luze joko luke.

Turismo masifikatuak leku berberetara eramaten gaitu denok, aukerak aztertu gabe. Arteak mila aurpegi ditu, hiri guztietan daude uste baino museo gehiago, eta Erromak merezi du Vatikanoko museoetara ez joatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.