Haizea Barcenilla
BEGIZ

Idatziaren botere sinbolikoa

2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Zorion handia ekarri digu Irulegiko Eskuak euskara maite dugun guztioi, baina arte historialarioi poz bikoitza eragin digu. Nola ez, gure hizkuntzan topatu den lehen hitza artelan batean egonik? Dagokion izenaz deitu behar baitiogu objektu eder horri: Irulegiko Eskua artelan bat da, eta zehaztu beharra dago, gainera, testua ez dela artelanaren gainean idatzitako testu bat, artelanaren parte baizik.

Hasieratik izan da agerikoa testua ulertu nahi badugu objektua ulertu behar dugula. Sorioneku hitzak zentzu argia hartzen du eskua objektu apotropaiko gisa azaltzen bazaigu, alegia, babes funtzioa zuen objektu sinboliko gisa. Hurrengo hitzak deszifratzen arituko diren hizkuntzalariei lagungarria izango zaie izaera hori ezagutzea, esanahira hurbiltzeko pistak eskaini ditzakeelako. Izan ere, testua eta irudia, forma eta edukia, bat dira objektu honetan: artelana sortzen duten elementu banaezinak. Testuak ez du irudiaren funtzioa deskribatzen, beraz: bere balio sinboliko eta magikoa osatu eta indartzen du.

Elkartze hau ulertzeko, Antzinaroko beste artelan batzuei so egitea komeni da. Hain zuzen ere, Mesopotamian eta Egipton sortu zenetik, idazkerak irudiarekin bat egin zuen artelanetan. Egiptoren kasuan testuaren eta irudiaren arteko loturak ezin zuzenagoak ziren, hieroglifoak irudiak ere bazirelako. Baina idazkera zeinu abstraktuek osatzen zutenean ere, Mesopotamiako kuneiformean bezala, irakurtzen ez zekitenentzat (hots, gizartearen gehiengo handienarentzat) idatziak mezu misteriotsuz beteriko irudi sinbolikoak ziren, irudi figuratiboekin elkartuta ikusten zirenak gehienetan.

Antzinako gizarte hauetan arteak izaera magikoa zuen, hau da, zerbait irudikatzen zenean, arima ematen zitzaiola uste zuten; faraoien eskulturetan, esaterako, irudikatuen arima gordetzen omen zen. Irudiaren indar magiko hau ulergaitza egiten zaionari, imajina dezala zer sentituko zukeen maite duen pertsona baten argazki baten begiak zulatzean, eta K.a. I. mendeko gizakiarengandik hurbil aurkituko da. Bada, irudikapen hori, irudiaz gain, idatziaren bitartez egin zitekeen orobat; eskulturetan ez ezik, faraoien arimak bere izen idatzian ere bazirauen, gordailu magiko batean legez.

Irulegiko Eskua sistema artistiko-magiko horren eredu bat da, zalantzarik gabe. Irudia eta idatzia esparru sinboliko berberean uztartzen dituen artelana da, mundu arruntetik gaindi dauden indarrei dei egiten diena, hauek erakartzeko nahian. Ikusten zuen jende gehiena ez zen testua irakurtzeko gai izango, baina eskuaren botere sinbolikoa argi ulertuko zuen. Eta paradoxikoki, beharbada ez gaude gure arbasoengandik hain urrun: guk ere testuaren gehiena irakurtzeko arazoak ditugu, baina ulertu, argi ulertzen dugu artelanaren botere sinbolikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.