Ismael Manterola
BEGIZ

Eskuak

2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Azken boladan eskuak atzetik dabilzkit. Udan eskua gaitzat zuen erakusketa bat antolatzea egokitu zitzaidan, eta azken asteetan Irulegiko Eskuarekin izan dugun ezustekoak gaira bueltatzeko aitzakia eman dit.

Badakit aurreko astean Haizea Barcenillak Irulegiko Eskua erabili zuela bere arte artikulua idazteko, horregatik zalantza izan dut irakurlea aspertuko ote dugun gaiari hainbeste buelta emanda.

Hala ere, eskuek artearen historian izan duten presentziak arreta piztu dit beti, batez ere urteetan historiaurreko artea irakatsi dudalako. Hain zuzen, artearen hasierarekin azaldu zen eskuaren gaia. Hainbat eta hainbat kobazulotako eskuen aztarnak guregana iritsi dira, eta, nire ustez, garai hartako jendearen irudi zuzenenak dira. Edozein pertsonak du eskuaren bidez aztarna gainazal batean lagatzeko tentazioa, batez ere pigmentuz bustitzen duenean. Kolorearen erabilera kontzientea ere eskuarekin hasi zela esan daiteke, ezagutzen ditugun esku batzuk gorriak eta beste batzuk beltzak direlako. Gainera, historiaurreko beste irudi batzuekin alderatuta, eskuak ez dira benetako irudikapenak, ekintza baten lekuko baizik. Jende hark ez zuen eskua marrazten, eskua kolorean busti eta hormaren kontra jartzen zuen; beraz, ez dakigu oso seguru asmoa aztarna lagatzea zen, edo ekintzak berak zuen garrantzia. Agian biek zuten zentzuren bat garai hartako unibertso sinbolikoan.

Baina eskuaren gaia ez zen historiaurrearekin bukatu; historian sartuta ere, sarritan ikusten dugu eskuaren errepresentazioa edo erabilera sinbolikoa, batez ere lehen zibilizazio handietan. Egipton behin eta berriz erabili izan zen, baita Mesopotamiako hirietan ere. Historiako ziklo klasikoaren hasierarekin zertxobait desagertu bazen ere, arte herrikoian eta Mendebaldeko nagusitasunetik kanpo geratu ziren zibilizazioetan ere behin eta berriz ikusiko dugu eskuaren errepresentazioa.

Mendebaldeko arteak eskuaren irudikapen gutxi erabili arren, gure kulturaren barruan geratu den zerbait da eskuarena: alderdi komunikatiboan, eskuak garrantzi handia du (gorren hizkuntzan, adibidez, edo bostekoa luzatzen diogunean norbaiti, edo eskuarekin agur esaten dugunean); esparru erlijiosoan, jainkoaren edo indar izpiritualen tresna dira (konfirmazioa, apaiztea, reikia); babesa ere eskaini dezake (adibidez, Fatimaren eskuaren kasuan); azkenik, espresioaren bidea ere izan daiteke eskua (amorrua, alaitasuna edo mehatxua adierazteko).

Arte garaikideak dimentsio sozial hauei guztiei, beste zibilizazioetako arteari edo umeen arteari atea zabaldu zionean, eskuaren gaia berreskuratu zen, eta abangoardietako lan askotan topatuko dugu.

Horregatik guztiagatik, poz izugarria hartu dut Irulegiko Eskuaren aurkikuntzarekin, hemendik aurrera beste adibide bat izango dudalako eskuaren gaia ilustratzeko, eta, gainera, hurrekoa. 2022a eskuen urtea izango da niretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.