Haizea Barcenilla
BEGIZ

Bihotz gehiegi

2022ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Bihotz gehiegi. Horrela deitzen da estatu mailan iskanbila sortu duen Almazcara Majara upeltegiko ardoa. Ardoak baino, honen etiketako irudiak piztu du eztabaida: bihotz txikiz dekoratutako bikiniaz jantzitako neska baten lehen planoa agertzen da bertan, ikusleari sorbalda ematen, itsasoari begira. Edo hobe esanda, neskaren zati bat da ikusten dena, irudiaren enkoadraketak estrategikoki mozten baitio soina, ipurditik sorbaldaren erdialdera arteko tartea erakusteko soilik.

Iskanbila piztu zen Emakumeen Irudiaren Behategiak, jasotako kexei erantzunez, irudia aztertu, sexistatzat jo eta upeltegiari kanpaina erretiratzeko eskatu zionean. Upeltegiak ihardetsi zuen irudia artelan bat zela, hain zuzen, Josep Morscardo artistak egindako koadro bat, eta hortaz, irakurketa zabala zuela eta sexistatzat jotzea anbiguotasun hori ukatzea zela. Behategiak argudioa onartu eta, upeltegiari kanpaina birpentsatzeko eskatu dion arren, erretiratzearen eskakizuna bertan behera utzi du.

Kanpaina erretiratzea eskaera neurritsua ote den bazter batean utzita, artelanaren argudioa nola baliatu den aztertzeko moduko kontua iruditzen zait. Ados gaude arteak adierazpen askatasuna behar duela, nahiz eta horrek maiz bidegurutze zailera eramaten gaituen, etikaren mugetara hurbilduz. Ez dut uste, ordea, kasu honetan halako muga baten aurrean gaudenik: irudia bakarrik hartuta, ez delako emakumeentzat nabarmenki iraingarria. Gorputz estereotipatu bat da, bai. Begirada maskulino batentzat egina dago, bai. Baina, ez da egunero ikusten ditugun beste mila irudi baino desegokiagoa.

Galdera gakoa hemen irudia artelantzat jo ote dezakegun da. Ez naiz upeltegiaren jabearen bulegoan zintzilik dagoen koadroari buruz ari, zalantza gabe artelana dena (ona edo txarra, beste eztabaida bat da). Etiketara pasatutako irudiaz ari naiz, bertan kokatzean testuingurua aldatzen baita, honela esanahia eta funtzioa zehaztuz. Ardoa eta alkohola emakumeen gorputz ia biluzi eta zatikatuarekin lotzen dira; emakumea ez da ardoa kontsumitzen duen subjektua (edateko bururik ere ez du), ardoaren mailan dagoen kontsumorako objektua baizik. Sentsazio hori, gainera, etiketan txertatzen den upeltegiaren logoak areagotzen du: hiru gizon irudikatzen ditu, mahai inguruan ardoa edaten eta, etiketaren konposizioari esker, emakumeari zuzenki begira. Gehitu horri ardoaren izena, irudiari izenburua ematen diona: bihotz gehiegi.

Zalantza gabe, etiketa jatorrizko lana baino sexistagoa da. Behategiak bere irizpideak berrikusi beharko lituzke: artelan bat gauza bat da, eta artelan horrekin sortzen diren publizitaterako irudiak oso gauza desberdina. Artearen askatasuna ezin da edozein publizitateko irudi justifikatzeko aitzakiatzat hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.