Haizea Barcenilla
BEGIZ

Katalogoz osatutako artearen historia

2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun

Ariketatxo bat proposatzen dizuet. Sar zaitezte EHUko liburutegiaren online katalogoan. Hautatu euskal artista garaikide bat, Txillida edo Oteiza ez dena. Sartu haren izena eta ikusi zein liburu eskaintzen dizkizuen bilatzaileak. Arretaz begiratu zer liburu mota diren: gehienak, guztiak ez badira, erakusketekin lotutako katalogoak izango dira.

Banekien oso gutxi direla euskal arteari eskainitako monografiak, baina proba hau egitean, emaitza uste baino erabatekoagoa izan zen. Ia ez dago artisten monografiarik. Beraz, katalogoak dira ikerketarako iturri bibliografiko ia bakarra, eta hala, publiko orokorrarentzat euskal artearen iruditerian eragin handiena duten baliabideak. Baina txarra al da hori? Ez al dira katalogoak liburu baliagarriak?

Bai, badira. Atzera begirakoenak, batez ere, artisten lana ezagutzeko funtsezko tresnatzat ditugu. Hala ere, badituzte berezitasunak, eta horiek artearen historiaren gainean badute eraginik. Eta eragin horri kasu egin behar zaio gure artearen historiaren azterketa kritikoa egin nahi badugu.

Hasteko, katalogo batek ez du sekula hizpide duen artistaren alde txarrik erakusten. Erakusketa bati lotua dago, eta erakusketa omenaldia da beti: kalitate gutxiagoko lanak ez dira agertuko. Artista horrekiko kritikoak diren historialariak baldin badaude, ez dituzte katalogoan idaztera gonbidatuko. Monografia batean, aldiz, malgutasun handiagoa egon daiteke: liskarrak, porrotak eta argi-ilunak landu daitezke ibilbidearen parte bezala, artistaren ikuspegi konplexuagoa emanez.

Bestetik, banakako erakusketek jenioaren figura azpimarratzeko joera dute. Testuinguruaren presentzia lausoagoa da, beste artistekiko harremana ez da askotan hain sakon lantzen; batzuetan, aretoetan presentzia gutxi izan duten beste elementu hauek katalogoetan orekatzeko saiakerak daude, baina joera orokorra artista zentroan jarri eta bere bikaintasunetik aritzekoa izaten da.

Azkenik, erakusketak ez zaizkie artista guztiei eskaintzen. Gutxi dira katalogo aberats batez lagundutako banakako erakusketak izan dituztenak, eta hautaketa instituzioen ideologiak eta artearen ulermenak zehazten dute. Hortaz, artearen historiaren ikuspegi oso partziala eskaini dezakete, adibidez, generoaren aldetik: Bilboko Arte Ederren Museoak, esaterako, emakume artista bakar bati eskaini dio halako publikazio bat. Eskulturak argazkigintzak baino arreta gehiago jaso du, baita euskal artearen definizioaren barruan mugitu diren praktikek ere, bestelako ardatzetan mugitu direnekin alderatuta. Erakusketek, beraz, gure artearen ikuspegia bide zehatz batzuetatik bideratu dute, eta historia idazteko orduan eragin funtsezkoa izan dute. Ez dezagun hori ahaztu historiografiaren kritika egiterakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.