Ismael Manterola
BEGIZ

Zumeta: beti berdin, beti berri

2023ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Usurbilgo frontoiko Zumetaren muralak aurten 50 urte bete dituela jakin dugu prentsaren bidez. Adin horretara iritsita, zaharberritze lanak egingo dizkiote, eta kontserbaziorako plan bat proposatuko dute.

Badaude harridura sortzen duten artelan batzuk, eta Zumetaren zeramikazko murala horietako bat da. Plazaren eta frontoiaren arteko muga egiten duen hormatzarra 9x16 metro da, eta zaila da aurretik pasatzea dituen koloreen xehetasunei begiratu gabe.

70eko hamarkada euskal artista belaunaldi baten onarpen publikoarena izan zen. 1966an, Euskal Eskolen Mugimenduko taldeak osatu ondoren, hurrengo hamarkadan etorri ziren jendearen aurrera edo kalera ateratzeko urteak. Horretarako, erakunde publiko eta pribatuen babesa behar izan zen, eta, Usurbilgo Udalarekin gertatu zen bezala, beste herri eta hiri askotan ikus ditzakegu belaunaldi hartako artisten lanak. Horrek arte mota bat gure paisaian txertatzea eragin zuen, beste arte mota bat desagertu edo intimitatean geratzen zen bitartean.

Hala ere, artista hauek ez zuten erraza izan onarpen soziala, elite frankisten jarrera atzerakoi batzuen eta jende arruntaren ulertezintasunaren artean. Oztopoak gainditu ondoren, Usurbilen ikus dezakegun artelan harrigarriak bezain ederrak sortzeko aukera izan zuten, eta, zorionez, haietako batzuk gureganaino txukun iritsi dira. Usurbilgo muralaren kontserbazio egoera hain ona izatearen arrazoia materialaren aukeraketan dago. Nahiz eta Zumetak zeramika inoiz ez erabili eta teknikak ez ezagutu, material horren iraunkortasunaren alde egin zuen arte publikoa egiteko orduan. Garai hartan, pintura erliebera eramateko ahaleginetan zebilen, egurrezko eskultura piktorikoen bitartez, baina Usurbilgo horma egiteko aukera izan zuenean beste material baten beharra sumatu zuen, batez ere kanpoan erakutsi behar zelako eta arkitekturarekin harremana izan behar zuelako.

Azken emaitza Zumetaren betiko pintura bat dela esan ohi da, kontuan hartu gabe lanak erliebea duela, eta horrek argiarekin harreman berezia sortzen duela. Argi-itzalak aldakorrak dira, bai eguneko orduen arabera, bai eguraldiaren ondorioz, bai urtaro bakoitzaren aldaketekin. Beraz, pintura bizia da, aldatu egiten dena, nahiz eta iraunkortasuna ziurtatuta egon materialaren gogortasunari esker. Horregatik, Zumetaren lan konplexuenetakoa da, eta, agian, artistari buruhauste handiak eman zizkiona egiteko momentuan, nahiz eta satisfazio handiko emaitza izan. Lan horrek Zumetaren asmoetako asko beteko lituzke: alde batetik denona izatea, publikoa den heinean; eta, bestetik, aldakorra izatea bere egonkortasunean. Koloreak gutxi aldatu dira urteen poderioz, eta erliebearen masak argi-itzalen joko aldakorrak eragiten dizkio. Beti berdin, beti berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.