Ismael Manterola
BEGIZ

Arte dekoratiboen museoan

2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Dekorazio arteak deitu izan zaie arte nagusitik kanpo utzi dituzten arteei. Pinturak, eskulturak eta arkitekturak arte nagusien estatusa izan dute arte akademikoan XVIII. mendetik aurrera, nahiz eta XVI. mendetik datorren ibilbide baten azken urratsa izan. Hierarkia markatu horren bidez artearen eta arteen arteko muga azpimarratu zuten ilustrazioko pentsalariek. Batzuk esperientzia estetikoaren iturri ziren eta kulturaren esparruan kokatzen zituzten; besteak, berriz, gozamen hutserako eta denbora-pasarako lanen alorrean sailkatuta geratu ziren.

Horregatik, gure hiri askotan arte ederren museoak eta arte dekoratiboen museo bereziak ditugu. Sailkapena ez da erraza izaten, batez ere historiako garai batzuetan, baina beti dago lehen mailako eta bigarren mailako artelanen arteko bereizketa bat. Gutxi gorabehera, denok dakigu zer topatuko dugun arte museo batean, baina ez da hain erraza jakitea zer bilduko den dekorazio arteak izeneko museo baten barruan. Orokorrean, oihalgintza, zeramika, urregintza, larrugintza, altzarigintza eta antzeko objektuak izaten dira horrelako museoetan pilatzen direnak, oso ondo ulertu gabe zergatik dauden apaingarrien artean, aulki batek edo jantzi batek oinarrizko funtzioa izango ez balu bezala.

Bestalde, goian aipatutako arteen sailkapen hierarkikoan beste hitz baten erabilpenak arreta piztu behar digu: apaingarria. Dekorazioa edo apaingarria modernitateak gogor kritikatu zuen hitza da arteari buruz hitz egiterakoan. Are gehiago, arkitekturaren joera arrazionalistek apaingarria delituaren mailara zokoratu zuten XX. mendearen hasieran, eta koadro edo eskultura modernoei apaingarria deitzeak adiera negatiboa zuen.

Horregatik, museo hauek azalkeriaren eta bitxikerien toki moduan ikusi ditugu askotan arte historialariek, kontuan izan gabe zaila dela bertan erakusten diren objekturik gabe garaiko artea ulertzea. Hain zuzen, gauza bitxiak gertatzen dira batzuetan, eta objektu berak topa ditzakegu horrelako museo batean eta arte museo batean. Adibidez, egile zehatza duen zeramika lan bat, batean edo bestean gordeta egon daiteke.

Horrelako museotara egindako bisitek arteen arteko mugak zalantzan jartzeko balio dute. Horrekin batera konturatzen gara zein mehea den artearen, artisautzaren eta diseinuaren arteko muga. Gainera, apaingarria hitzaren alderdi negatiboa baztertzen hasi beharko genuke, sarritan artearen oinarrizko baliabidea izan delako; hau da, bigarren mailako zerbait izan beharrean, edo baztertu daitekeen zerbait dela pentsatu beharrean, arte mota batzuen egituraren barruan daudela konturatuko gara. Sarritan ez dugu apaingarrien zentzua ulertzen, batez ere Mendebaldeko kulturetakoak ez diren objektuetan, eta horrek mespretxura eta ezjakintasunera garamatza. Modernitateak norabide zehatz bat hartzeak ez du esan nahi hori denik bide bakarra eta egokiena artelanak baloratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.