Haizea Barcenilla
BEGIZ

Feminista izan ezin zeneko garai hurbil hura

2023ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
«Nire burua feminista gisa definitzen dut, herritar feminista gisa; hala eta guztiz ere, ez zait artista feminista gisa definitzea gustatzen, iruditzen zaidalako horrek espezifikotasunaren tarte estuan kokatzen duela lana. Artista feministatzat hartzen zaituztenean, zure lanak feminismoaz bakarrik hitz egingo du, artista emakume gisa hartzen zaituztenean zure lanak feminitateaz hitz egingo duen modu berean, zure lanaren beste edozein dimentsio ikusezintasunera zokoratzeko».

Itziar Okariz artistaren hitzak dira, Zehar aldizkarian argitaratuak. 2004 urtean izan zen, orain dela hogei inguru. Okarizek bikain adierazten du garai hartan orokorra zen ikuspegia: artista feministatzat izendatzen baduzu zure burua, zure lana feminismoari lotzen badiozu, jai duzu. Zokoratua izango zara, nitxo batean sartua eta artearen ustezko unibertsaltasunetik aldendua.

2004an amaitu nituen lizentziaturako ikasketak, eta hori zen bizi zen sentsazioa. Gogoan dut urte bereko Naia del Castilloren Artiumeko erakusketa, emakume gazte bati erakunde handi batek eskaintzen zion lehena niretzat. Feminismo hitza ez zen inon ageri: espazio domestikoa, sedukzioa, apainketa ziren erabilitako terminoak, guztiak elementu femenino onargarri gisa, emakume eta artista den norbaitek landu behar dituen gai gisa. Eztabaidatu edo zalantzan jarri ezin ziren ezaugarri natural gisa. Eta onartzen dizuet: orduan ez zitzaidan deigarria egin, hori baitzen ikasketetan, liburuetan zein museoetan jasotzen nuen mezu bakarra.

2021ean Azkuna Zentroak Ana Laura Alaezi eskainitako erakusketan, diskurtso feminista argiak harritu ninduen. Ez zen Alaezen lanarekin lotzen nuen diskurtso mota, hain zuzen, lanak egin zitueneko garaian, 2000ko hamarkadako hasiera hartan, ez zelako inon ageri. Ez dut esan nahi bere asmoetan ez zegoenik, baina bai orduko sistemak ez zuela halako diskurtsoarentzako lekurik, eta hor bazegoen, ezkutatu zuela.

Baten batek esango dit aspaldiko kontuak direla; bada, 2014an, hamar urte beranduago, Xabier Saenz de Gorbeak Suturak erakusketa egin zuenean, lan feministak Txoko feminista deituriko atalean antolatu zituen. Ez zen kasualitatea, eta ez da aspaldiko kontua. Ezinegona sortzen dit artearen sistemak duen amnesia selektiboa, agian aurrerakoia agertzeko asmoz, gure historia zein den bazterrean utzi nahi duena. Zorionez, gauzak aldatu dira, baina gehiago orainera begira atzera begira baino. Euskal Herriko artearen historia berridazteke dago, ahaztutako eta baztertutakoei justizia asko dago egiteko, eta hemendik aurrera guztiak feministak izatea —erakundeez, kritikaz eta historialariez ari naiz— ez du pertsona askoren ibilbidea markatu duen iragana aldatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.