Haizea Barcenilla
BEGIZ

Arkitektura bortxaketa

2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Eileen Grayren E-1027 etxean Le Corbusierrek egindako muralei buruz hitz egiteko erabili zuen Beatriz Colomina arkitekturan adituak bortxaketa hitza. 1926an eraiki zuen Grayk Roquebrune-Cap-Martinen, Jean Badovicirekin batera, arkitektura modernoaren lehen adibidetzat hartu den eraikina. Barnealde guztiak moldagarriak ziren, mugi zitezkeen bionboei esker; murru zuriek eta altzari praktiko eta geometrikoek garbitasuna zekarten; errezelek eta alfonbrek, oihalaren etxekotasuna eta berotasuna.

Segituan maitemindu omen zen Le Corbusier etxearekin. Ziur aski inbidia apur bat ere piztu zitzaion, agerikoa baita etxe hura berak diseinatutakoak baino bizigarriagoa zela, printzipio modernoei bikain erantzuten zien aldi berean. Erosi nahi izan zion, eta Grayk saldu nahi ez. Badovicirengandik banatu eta hura etxearekin geratu zenean, klausula bat sinarazi zion Grayk, Le Corbusierri salduko ez ziola zioena. E-1027-tik berrehun metrora eraiki zuen orduan Le Corbusierrek Le Cabanon, bere erretiro txikia. Grayren etxearekiko pasioa zutela zioten garaikide batzuek; gaur, agian, obsesioa deituko genioke.

Bereganatu ezinik, Badovici etxean mural batzuk egiten uzteko konbentzitu zuen Le Corbusierrek. Badira arkitektoa erabat biluzik erakusten duten argazkiak (bere maskulinitate primitiboarekin konektatzeko omen), pareta zuriak irudiz betetzen. Muraletako gizon erdi abstraktuen jarrerak nahiko figuratiboak dira: esan dezagun oldarkor samarrak direla.

Margotzearen ekintza hura zein margotutakoa izendatu zuen Colominak bortxaketa. Rita Segato irakurtzean terminoaren egokitasuna hobeto ulertu nuen, primeran azaltzen baitu bortxaketak ez duela sexu-plazera bilatzen, gailentasuna baizik. Bestea umiliatzea, menderatzea, besteari boterea erakustea du asmo bortxaketak. Besteaz jabetzea, bestea deuseztatzea norbera indartzeko. Eta hori zen, hain zuzen, Colominak adierazi nahi zuena, horrela ikusten zuen berak Le Corbusierrek Eileen Grayren kontra egin zuen eraso artistikoa.

Berriz ere etorri zitzaidan kasua burura Kordobako meskita bisitatu nuenean. Haren erdian ahokatuta, bortxatuta (ez dago hitz hoberik) baitzeuden eliza kristauak inposatu zituen katedralaren pareta, aldare eta gangak. Meskita erraldoi eta ederra suntsitu ezin, eta bortxatzea erabaki zuten errege kristauek, menperatzea, umiliatzea. Zerbaitengatik deitzen diote konkista.

Le Corbusierren muralak ikusi zitueneko Eileen Gray imajinatu nuen, norbait hil izan balitzaio izango zuen minez. Eta Kordoban turista musulman batzuk ikusi nituen, tristezia neurrigabez sasi-katedral horren murruei so. Bortxaketa artistikoaren aurrean, kulturartekotasunaren sinbolo izandako Al-Andalus hura non geratu ote zen euren buruei galdezka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.