Haizea Barcenilla
BEGIZ

Emakumeen ezabatzea (I)

2023ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Uda honetan historiatik ezabatutako bi emakume ezagutzeko aukera izan dut. Euren istorioak desberdinak diren arren, sistematiko bilakatzen diren zenbait aspektu errepikatzen dira bietan. Haien omenean doaz hurrengo zutabeak.

Lehena eta ezezagunena Eileen O'Shaugnessy da, George Orwellen emaztea. Anna Funderrek berreskuratu digu Wifedom liburuan. Bertan, argi ikusten da zein funtsezkoa izan zen Eileen Orwellek idazte-lana aurrera atera zezan. Orwellen erabakiz, urik eta argindarrik gabeko etxe batean bizi ziren, landa-eremuan. Eileenek oiloak, ahuntzak eta baratza zaintzen zituen, janaria egiten zuen, sua pizteko egurra moztu, arropa eskuz garbitzen zuen. Horretaz gain, senarraren postaz arduratzen zen, berarekin ideiak eztabaidatzen zituen, testuak editatzen zizkion, eta, ondoren, makinara pasatzen zituen. Eta gainera, Orwellek tuberkulosia zuenez, zaindu egiten zuen. Hau da, nekazari, neskame, garbitzaile, idazkari eta erizain lanak egiten zizkion, bera bulegoan idazten lasai egon zedin, beste ezertaz arduratu gabe.

Batek pentsatuko luke Orwellek Eileenekiko esker on hitzez beteko zituela liburuak, baina ez. Funderrek maisuki aztertzen du nola ezabatu zuen idazleak bere emaztea historiatik. Adibiderik zuzenena Kataluniari omenaldia liburuan dago, Orwellen Guda Zibileko esperientzia kontatzen duena. Narrazioak aditzera ematen du Orwell izan zela akzio guztia bizi izan zuena, isilpean utziz Eileenek ILParen bulegoa zeramala; berak lortzen zituela batailoi osoarentzako arropak eta janaria; frontean zegoela frankistek eraso egin zuten batean. Komunistek POUMaren eraikinaren aurka egin zutenean, pasaporteak eta bere idatziak «salbatuak» izan zirela idazten du Orwellek, eta Eileen izan zen bere bizitza arriskuan jarriz handik atera eta ezkutatu zituena. Aditz pasiboak behin eta berriz ezabatzen du Eileen. Haren izena ere ezdeusten da: «nire emaztea» idazten du Orwellek 37 aldiz liburuan, «Eileen» behin ere ez. Lanak ordezkatzen du emakumearen identitatea.

Emaztearen heroitasuna desagerraraziz, berea azpimarratzen du Orwellek. Emaztearen lana ezkutatuz, egile jeinu geldiezinaren ideia saltzen digu. Baina Orwell ez zen geldiezina, ezta autonomoa ere. Eileen gazte hil zen, ebakuntza batean. Hiru pertsonaren lana (neskamea, etxea zeramakion ahizpa eta baserrirako langile bat, editoreak ordaintzen ziona) behar izan zuen Orwellek Eileen ordezkatzeko, eta, hala ere, bost urte gogor eman zituen 1984 idazten. Jeinuaren mitoa elikatzeko behar diren baldintza materialak ez dira makalak, eta nahitaez geratu behar dira ezkutuan: ikusezinak direlako aztoratzen gaituzte begi aurrean jartzen dizkigutenean.

Bide batez: 1984 Eileenek ikasle garaian idatzitako poema baten izenburua zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.