Haizea Barcenilla
BEGIZ

Komisariotza zer (ez) den (II)

2018ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Aurreko zutabean komisarioaren lanaz aritu nintzen, ABC. Bilboko museoaren alfabetoa eredutzat hartuta. Nago komisarioak diskurtsoak igortzeko duen ahalmena gutxietsiz egindako erakusketa dela; ez bozkatzeagatik posizio politikorik ez duela dioenak bere buruari iruzur egiten dion bezala, horrela okertzen da diskurtsoak sortzen ez duela pentsatzen duen komisarioa.

Azter dezagun, kasurako, Martin de Vosek egindako Europaren bahiketa lana Desioa hitzarekin lotzean ematen zaigun irakurketa. Duela aste batzuk, Xabier Mendigurenek San Telmon mitologiako jainkoen «sedukzioak» ikustean, alegia, hertsapenen irudikapen eder eta alaiak ikustean, bortxaketaren kultura zetorkiola burura zioen. Halako irudiek emakumeon baiezkorik behar ez duten gizonezkoen plazera normalizatzen dutela argi ikusi zuen Mendigurenek; ez, ordea, Uribek. Hark Zeusek Europa bere nahien kontra bahitu eta bortxatu zueneko irudikapena Desio hitzaz lotu du. Noren desioa baina? Jakina da XVI. mendean artea gizonezko begiradarentzat egiten zela, baina, egun, irakurketa historiko-kritikoa egiteko gai izan beharko genuke, barneratutako lotura hori auzitan jartzeko.

Amatasuna-ren gelak antzeko diskurtsoa du oinarri. Amatasunaren ikuspegi bakarra, estereotipatua, eskaintzen zaigu: zoriontasunez betetako ama umearekin. Salbuespen bakarra umea galdutako amarena da, hots, emakume izateak eskain dezakeen zoriontasun naturalena galdu duenarena. Asko dira artearen historian amatasun mota hori erakusten dutenak, baina museoak badu horren gaineko ikuspegi arras desberdina eskaintzen duen lan aipagarria: Angel Larroqueren Amatasuna da, eta erakusketan badago... baina Amets atalean.

Larroqueren lanak konplexutasun psikologiko handiko erretratua eskaintzen digu: besaulki batean etzanda dagoen ama gazte bat, umea gainean lotan duela. Bere begirada interpretatzea ez da erraza: izugarri tristea iruditu zait beti, kasik desesperatua; lagun batek, aldiz, muturreko nekea ikusten zion. Lan irekia da, ernagarria, eta alaitasunetik guztiz aldentzen den amatasunaren irudi sakona eskaintzen digu. Baina Amatasuna atalean ez kokatzean gai horren gaineko ikuspegi idealizatu eta homogeneoa nagusitzen da, amatasunaren irakurketa polemikoagoak baztertuz. Eta koadroa amatasun mingarri baten irudia izatetik esnatu berri den emakume lokartuaren anekdota izatera igaro da.

Ziurrenik, neutraltasunari men egin nahi zioten Uribek eta museoak halako aukerak hartuta. Baina naturalizatutako estrukturak errepikatzen ari dira, eta horiei egokitutako diskurtsoa sortzen: desioaren eta amatasunaren ustezko neutraltasuna, berez, barneratutako patriarkatuaren ordena da. Eta estruktura horiek auzitan jartzen ez dituen erakusketak berretsi egiten ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.