BEGIZ

Ahotsak

Haizea Barcenilla -

2019ko urtarrilak 8
Zelako garrantzia duen ahotsak. Zeharo eragiten du besteek gu hautemateko moduan, eta, ondorioz, harremanak ezartzeko moduan ere bai. Gogoan dut nola uzkurtu zen nire orduko mutil laguna kontratenore bat lehen aldiz entzutean, gorputzak eta ahotsak bat egiten ez zutela oharturik. Gogoan dut irakasle hasi nintzenean ere talde handien aurrean nire ahots zorrotza autoritate gabekoa sentitzen nuela, zenbait gizonezko ikasleren aurrean batez ere.

Gorputzari soilik lotu nion fenomenoa hasieran, emakume gaztea izateari; baina gorputzaren materialtasunari ihes egiten zion ahotsaren soinuak bazuen orobat zeresanik. Mary Bearden La voz pública de las mujeres irakurtzean jabetu nintzen ahotsaren tinbrearen garrantziaz. Beardek Erromako garaietan, erretorikaren sorreran alegia, emakumeek foroan hitz egiten zutenekoa aztertzen zuen, eta gaur egungoarekin alderatzen. Emakumeek politikaren esparru publikoan ez zuten lekurik, eta halakorik hartzen saiatzen zirenean, kritika bortitzak pairatzen zituzten. Erretorikaren artea ikasten ez zutenez, arauak ez menperatzearen inguruko kritikak zeuden batetik. Baina, bestetik, ahotsaren tinbrearekin lotutakoak zeuden, zorrotzegia izateagatik, oihularia, desatsegina; desaproposa, azken finean, besteen aurrean eta besteentzat hitz egiteko.

Espazio publikoari gizon gorputza eta gizon ahotsa zegozkion garai erromatarretan, baita gaur egun ere. Ikasgelan, politikan zein, Uxue Alberdik erakusten digunez, bertsolaritzan. Feministaldirako, Lisipe bilduman argitaratuko duen liburuaren aurrerapen gisa, emakume bertsolariak azpiratzeko estrategiak aurkeztu zizkigun; horien artean, «ahots akastuna» deitu duena; hau da, andrazkoen ahotsaren makaltasuna kritikatzea, honela bertsolariari autoritatea ebatsiz. Nahiz eta egun emanaldi asko mikrofonoekin egin, nahiz eta zenbait gizonek ahots ahula izan eta emakumezkoek ozena, andreena da, feminitate zehatz bati lotzen ez bazaio, akastuna, desaproposa suertatzen dena.

Antza, aski barneratuak diraute orain 2.000 urte Erromako foroan ezarritako hainbat printzipiok. Baina bada, zorionez, emakumeon ahotsaren ezaugarriak estimatzen hasi denik. Hala sentitu nuen Gipuzkoako Urrezko Dominaren ospakizunean, Alaitz Aizpuruk Jakin taldeari eskainitako laudatioa entzunaz. Erretorikaren legeak menperatzen zituen diskurtso fin eta betea izan zen; baina hizlariak ezkutatu ez zituen emozioetan zetzan primerako edukiari gehitzen zitzaion bikaintasuna. Aizpururen ahots zoli, gozo eta hauskorrak, gero hitza hartu zuen Markel Olanoren tonu profesionalarekin alderatuta, humanitate hunkigarria erakusten zuen. Eta pentsatu nuen zein pozgarria, zein ernagarria eta zein beharrezkoa den halako emakumeen ahotsek espazio publikoan lekua hartzea.