Ismael Manterola
BEGIZ

Eredu zaharkituak

2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Kulturaren beste alor guztietan bezala, zaila izan da artearentzat ere 2020. urtea. Egileak lanean jarraitzeko aukera izan arren, gizarteratzeko zailtasunak agerikoak izan dira, eta oztopoak oztopo erakustea lortu denean ere, ikusle askok ezin izan dute ikusi. Artea gizartera iristen ez denean, ez da betetzen ezinbestekoa den komunikazioa. Beraz, artearen presentzia gizartean eskasa bazen pandemiaren aurretik, eskasagoa da gaixotasunak irauten duen bitartean, eta, nahiz eta konfinatuta geundenean behin eta berriz errepikatu kultura ezinbestekoa zela, ekonomia kapitalistaren iraupenak aurre hartu dio beste edozein asmori.

Hala ere, aldaketa handiena artearen erabilpen ekonomikoak jasan duela iruditzen zait. Azken 20 urteetan hainbeste errepikatutako industria kulturalaren leloak ez du gaixotasunaren enbata jasan. Guggenheim efektuak gutxi iraun du, nahiz eta denbora gutxian diru asko eman dion kulturari ez beste norbaiti. Orain azpiegitura ikusgarriak eraikitzea turismoa erakartzeko eta hiriak modu zehatz batean suspertzeko eredu zaharkitua bihurtu da.

Zaharkituta dagoen eredua? Ez du ematen, Bilboko Arte Ederren Museoaren zabalpen proiektuaren aurkezpena ikusi eta entzun ondoren. Arkitektura ikuskizun bihurtzea kultura azpiegitura aterpetzeko Bilboko marka dela ematen du. Guggenheimekin hasi eta Alondegiarekin jarraitu, Arte Ederren Museoarekin bukatzeko; horra hor eredu zaharkitu baten errepikapen egoskorra.

Harrigarria iruditzen zait hainbeste diru bideratzea halako azpiegitura ez-beharrezko bati bizi dugun sasoi honetan. Beste behin ere egindako galdera da: hori al da arteak orain behar duena? Eta hala bada, zergatik erabili garai bateko ereduak? Zabaldu behar bada, uste dut Bilboko museoa merkeago ere zabaldu daitekeela, ikusgarritasun hutsalean erori gabe. Behar teknikoak beteko lituzkeen proiektu merke eta on bat topatzea ez litzateke oso zaila izango, inguruan ditugun arkitekto talde bikainak kontuan izanda. Baina bilbotarren parodia eguneratu nahi duten arduradun politiko eta kulturalek gaur egun funtzionatuko ez duen ereduaren alde egin dute: nazioarteko arkitekto izar baten izena duen proiektu garesti eta ikusgarria. Erakundeek bertako produktuak kontsumitzeko aholkatzen digutenean, itxuraz aza eta gaztari buruz ari dira. Euskal Herriko bi arkitektura eskola bikainek arkitekto talde ugari eman arren, erakundeek nazioarteko arkitektoekin lehiaketa mugatua antolatu zuten. Gastuak emaitzak orekatuko al ditu? Daukagunarekin gauza ederrak lortzea izango litzateke kudeaketa ona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.