Haizea Barcenilla
BEGIZ

Susmagarriak museoan

2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Han ginen, Bilboko Arte Ederren Museoan ostegun arratsalde batez. Lagun kazetariak arteari buruzko erreportajea egin nahi zuela, eta museoan elkarrekin ibilbide bat egitea proposatu zidan. Zenbait lan hautatu nituen, lagunak grabagailua martxan jarri zuen, eta aretoetara abiatu ginen.

Ez zegoen bisitaririk. Bat ere ez. Aterkia ateko euskarrian utzi nuenean, bere bakartasunak pena eman zidan. Bisitaririk ez, baina jendea bazegoen: areto bakoitzean aspertutako zaindari bat, artelan eta beira-arasen artean nabarmen. Euren isiltasunaren aurrean, lagunak eta biok hautatutako koadroei buruz hitz egiten genuen.

Elkarrizketaren erdian, ezohiko mugimendua nabaritu genuen alboko aretoan. Bisitariak? Erronda aldatzen ari diren zaindariak? Sorpresaz ikusi genituen guregana zetozen hiru pertsona: gelako zaindari bat, segurtasun zaindari bat eta trajez jantzitako gizon bat, hirurak aurpegi serioz, pelikula amerikarretan CIAkoak, azkenik, gaiztoak atxilotzera doazenean bezala.

Uniformerik ez zuenak (hortaz, kategoria altukoenak) hotz galdetu zigun zertan genbiltzan. Zertaz ari ginen hizketan eta zer zen grabatzen ari ginena. Kazetaria zela esan zion lagunak, irudirik hartzen ez ginela ari, eta horregatik ez zitzaiola baimenik eskatzea otu; gure arteko hizketaldia grabatzen ari zela soilik. Trajedunak «ez da elkarrizketa bat izango, ezta?», bota zigun. Zer erantzun ez genekiela utzi gintuen. Elkarrekin hitz egitea elkarrizketa ez al da? Baina zertan da hori arazo? Zergatik ginen susmagarri? Eta batez ere, zertaz? Hitz egiteaz?

Baimenen bat sinatu behar izanez gero, bisita amaitzean pasatuko zela esan zion lagunak trajedunari; honek tonu desatseginean «ikusiko dugu» bota, eta ondoko aretora joan zen dei bat egitera. Begi ertzetik zelatatzen gintuzten guardek bitartean, eta lagunak eta biok sumatu genuen grabatutakoa borraraziko zigutela. Baina zergatik? Kriminalizatuak sentitzen ginen, museo bateko koadro baten aurrean lasai hitz egiten egoteagatik. Azkenean, trajedunak telefonoa eskegi, besteekin hitz egin, eta guri azalpenik eman gabe guardarekin alde egin zuen, gelako zaindaria guri begira bertan utzita.

Eta han geratu ginen laguna eta biok, gustagarria zen hizketaldia ahaztuta, deseroso eta zelatatuta sentituz. Alde egiteko gogoz. Museoek oraindik ere darabilten gorputzen erregulazioaren pisua sorbalden gainean.

Bada garaia museoek bertaratzen diren gorputzekin (euren hitz, doinu, mugitzeko behar eta nahiekin) bestelako harreman bat ezartzen hasteko. Zainketa eta normatibitate esparru izateari utzi behar diote, hainbeste erabiltzen duten «publiko desberdinen» etxea izateko asmoa badute behintzat. Benetan nahi ote duten, hori da, ordea, zalantza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.