Haizea Barcenilla
BEGIZ

Denbora galdu ala denbora bizi

2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Bilatzen nenbilen artikulu bat topatu nuen aldizkari akademikoen online datu base batean, eta deigarria egin zitzaidan informazio atalean zetorren datu bat: irakur-denbora, 38 minutu. Ohikoa bilakatzen ari da, batez ere orrialde anglosaxoietan, idatzia irakurtzeko zenbat denbora beharko duzun adieraztea, baina kopuruaren zehaztasuna demasa iruditu zitzaidan. Nola kalkula liteke halako zerbait? First Certificate-a kostata atera zuenak eta Nottinghamen jaiotako ingeles hiztun zaharrak, biek ala biek beharko dituzte 38 minutu? Poliki irakurrita ala azkar? Azpimarratuz edo azpimarratu gabe?

Baina kopurua nola kalkulatu baino, zertarako kalkulatu da gehien aztoratzen nauena. Denboraren kapitalizazioa mugara iristen ari da; geure egunerokotasuna kontrolatzen du, eta jarduera intelektual eta kulturala erabat baldintzatzen ari da. Artikulua interesatzen bazaizu, ez al duzu irakurriko, horretarako ordu erdi edo hiru ordu behar izanez gero ere? Eta aberasgarria bada, ez al zara itzuliko pasarte batzuetara, ez al dituzu berriz irakurriko, azpimarratuko edo zeure ordenagailura kopiatuko, zenbait ohar gehituta, horretan beste bi ordu emanda ere? Ez, egungo ikerketan kontsumitutako denbora neurri nagusi bilakatzen ari da, lortutako emaitzen gainetik nabarmen.

Laster erakusketen sarreran horrelako informazioa topatuko dugu: erakusketa ikusteko denbora, ordu bat eta hamar minutu. Honek markatuko du zelako ikuslea zaren: gutxiago tardatzen duenak ez du arreta nahikoa jarri, eta luzeago ematen duena, aldiz, ikusle astuna da, edo agian motza, zehaztutako denboran ulertzeko gai ez dena. Helburua, noski, ikusle perfektua izatea da, sistemaren antolamendua bermatzen duena bere jarrera aurreikusgarriaren bitartez. Eta kontuz koadro baten aurrean denbora gehiegi ematen duenarekin! Bere denbora galtzeaz gain, atzetik datozen ikusle diziplinatuena ere galaraziko duelako.

Arteaz gozatzeko, funtsezkoa da ulertzea denbora ez dela galtzen, denbora bizi egiten dela, eta malgua dela. Zein pizgarri diren liburu bat oso gustuko dugunean denborarekin egiten ditugun jolasak: une batzuetan gelditu gabe irakurtzen dugu, denbora irentsiz eta liburua ere bai, erabat harrapatuta; eta beste une batzuetan, denborari alde egiten uzten diogu liburua tarteka abandonatuz, irakurketa ahalik eta gehien luzatuz, amaituko den unearen beldur.

Eta zenbat artelanen aurretik ia gelditu gabe pasatzen garen, beste batzuek geure begirada iltzatzen duten bitartean, zehaztasun guztietan gelditzera behartzen gaituztelarik. Bi kasuetan, ondo bizitakoa da denbora hori.

Gogoratu eta aldarrika dezagun: kulturaren denbora malgua ekoizpenaren denbora kapitalista zurrunaren arerio potentziala da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.