Haizea Barcenilla
BEGIZ

Forma itxiak

2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Igandean, Amaia Nausiak mendeetan zehar isiltasunean hezitako emakumeei buruz idatzi zuen. Errenazimentuko liburuetan Ama Birjinaren irudiari jarraituz, isilak izan beharra erakusten zitzaiela kontatzen zuen, «apaltasuna, haurren eta etxearen zaintza, gutxi hitz egitea» zirelarik eredutik hartu beharreko ezaugarriak. Burura ekarri zizkidan garai bereko Ama Birjinaren margoak, hauetan ere bereizgarri horiek adieraztea bilatzen zelako. Eta, horretarako, forma itxi eta zentripetuak errekurtso formal gisa erabili ziren.

Forma itxia modu antolatuan zentro baten inguruan atontzen den konposizioa da, honetatik arreta aldentzen duten elementurik gabe. Zentripetua antzekoa da, baina indar lerroak erabiltzen dira zentro horretara begirada eramateko. Emakume zintzoen irudikapena, XVI. mendetik aurrera eta Ama Birjinarena barne hartuz, bi errekurtso hauen inguruan antolatu da: zentroa soinean kokatuz, besoak gorputzetik banatu gabe, eskuak askotan bularraren aurrean elkarturik. Burua makurtuta, behera edo altzoan duen umeari begira. Hankak ondo itxita, nahiz eta gehienetan gorputzaren tankera asmatzen uzten ez duen jantzi zabal batek estaltzen dituen. Denera, ia zirkulu bihurtzen den gorputz itxi baten irudikapena.

Forma hau pasibotasunarekin erlazionatzen da, forma irekiak aktibotasunari lotzen zaizkion bitartean. Eta forma irekiak gehienetan gizonak irudikatzeko erabiltzen dira. Kontraste horren eredu ederra da Jacques-Louis Davidek 1784an margotu zuen Horazioen zin egitea. Ezkerrean gizonak agertzen dira, aberria defendatuko dutela agintzen; besoak luzatuta dauzkate, euren gorputzek ixa forma anitz osatzen dituztelarik. Indarra eta erabakitasuna adierazten dituzte. Eskuinean, ordea, gudara doazen gizonak gelditu ezin dituzten emakumeak, barrura bilduta egoteaz gain, batzuk besteen kontra makurtzen dira, euren artean zirkulu itxiak osatuz. Ezintasunaren irudia dira.

Hala ere, badira emakume aktiboak adierazten dituzten konposizio irekiak; kontua da ez direla ez emakume eredugarriak, ezta zoriontsuak ere. Garai klasikoetatik hartuta, hainbat bahiketaren gaietan beso zabalik agertzen dira biktimak, izan sabinak, Pertsefone, Hipodamia edo Leuziporen alabak. Gudako emakumezko biktimak ere forma irekien bitartez irudikatzen dira, kaosa eta beldurra adierazteko. Azkenik, emakume zoroak, gaiztoak eta sorginak forma ireki eta zentrifugoen bitartez errepresentatzen dira maiz.

Eta irudiaren hezkuntza inkontzientea hain eraginkorra denez, gaur egun arte emakumeak publikoki agertzen garenean, Amaiak aipatutako hitz egiteko zailtasunak izateaz gain, forma itxietara jotzen dugu, gorputza uzkurtuz eta barnera bilduz. Mendeetan igorritako zuzentasunaren eskemak ez baitira hain erraz ezabatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.