Ismael Manterola
BEGIZ

Bilbo eta pintura

2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
«Bilbo eta pintura erakusketa bat al da?», galde diezaiokegu geure buruari Guggenheimeko beheko solairuko aretoa zeharkatu ondoren. Koadro bilketa hutsa erakusketa al da? Harremanik gabeko artelanak areto batean zintzilik jartzeak erakusketa osatzen al du?

Badirudi Bilboren eta pinturaren arteko harremana erakusteko edozein koadro jarri daitekeela, adibidez, Valentin Zubiaurreren bertsolariak, Gustavo Maezturen Lirika eta erlijioa izenekoa, edo Uzelaik Bermeoko batzokirako pintatu zuena. Denok dakigu Bilbo handia dela, baina hainbeste? Bermeoraino iristen al da? Are gehiago, Zuberoaraino? Erakusketan ikusten baitugu Uzelaik pintatutako Zuberoko dantzak izeneko lana.

Artelanak ikusi ondoren, ez dirudi Bilbo neurri txikian irudikatu denik. Ez dakit aukeratzeko irizpidea ez den tamaina izan; horrela balitz, erakusketari izena aldatuko nioke: Hordago handira edo antzeko zerbait asmatuko nuke.

Antolaketa ere bitxia da, izenburuek ez baitute harreman handirik ikus daitezkeen koadroekin. Adibidez, lehenbiziko atalaren izenburua Bilbo: Portua eta merkataritza hiria izan arren, Zubiaurreren bertsolariak ikus ditzakegu. Iturrinoren zezenak eta erromeria mantoidunak, Artetaren Eba Arratiarra eta Ibarrolaren gurdia ezin izan nituen hiru ataletako bakar batean sailkatu. Azken aretoaren izenburuak asko harritu ninduen: Pinturak interpretatutako dantza, Olasagastiren sagar biltzea eta Uzelairen Bermeoko portuko irudikapen izugarri ederra elkartzen dituelako izenburu berezi horretan.

Hala ere, azken lan hau ikustean, erakusketara bisita merezi duela esan behar dut. Bermeoko batzokian ikusi nuen azkenengoz, orain dela hamabost urte edo. Ederra da Uzelaik nola irudikatu zuen 1933an ia bere herria zena: emaztea puntua egiten portuko eskailerak jaisten, portua baporez beteta, etxeak antolaketa geometrikoaren arabera sinplifikatuta. Erdiko eszenan emakumeak sare konpontzen, Venus greziar erara irudikatuta, hondoan belaontziak itsasoa zeharkatzen duten bitartean, albo batean bodegoi surrealista: haitzak eta erriberako ontziola lanabes guztiekin, ezkerreko izkinan De Chirico metafisikoaren pintura izan zitekeen aterpe arkuduna. Guztia atmosferarik gabe, hego haizeak eragiten duen garbitasuna, zehaztasuna, argitasun eta laino arraro eta guzti.

Gauza bera esan daiteke Guiardek Bilbaina elkarterako pintatutako hiru eszena bilbotarrei buruz, Zuloagak, Losadak eta Guineak Kurding Clubarentzat pintatutako horma pinturei buruz (gaur egun Filarmonika Elkartean), edo Gernikako Batzar Etxean gordetzen den Maeztuk pintatutako triptikoari buruz: erakusketak, koadro handi hauek ikusteko besterik ez bada, merezi du. Ez da erraza lan hauek ikustea, eta erakusketan elkartuta daudela baliatu dezakegu Guggenheimeko bisitaldia. Hori bai, lan solte moduan ikusi beharko ditugu, elkartzen dituzten haririk gabe, museoetan ikusten ditugun antzera, koadro batetik bestera salto eginez, kontakizun berezirik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.