Ismael Manterola
BEGIZ

Mendibururen amets zapuztuak

2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Aurreko egun hauetan jaso dut Bilboko Arte Ederren Museoak Remigio Mendiburu eskultoreari eskainitako erakusketaren katalogoa. Azken boladan museoak euskararen alde egindako keinuak alde batera utzita, Mendibururi buruzko katalogoa gaztelania hutsez argitaratu du. Errespetu falta iruditu zait. Lehenik eta behin euskaldunentzat, berriz ere arte ikerketatik eta dibulgaziotik baztertu gaituztelako, baina beste alde batetik, errespetu falta Mendibururi berari eta bere belaunaldiko kultur eragile guztiei. 1960ko hamarkadan, gizarteko zati handi batek euskararen berreskurapenaren aldeko izugarrizko ahalegina eta borroka egin behar izan zuen errepresio bortitza erabiltzen zuen diktadura baten kontra. Behin eta berriz erakutsi zuten konpromisoaren ondorioa da gaur egungo egoeraren oinarria. Baina ordutik 60 urte igaro arren, ez dirudi Mendibururen eta gainontzeko artisten ametsa bete denik, 2021. urtean eskultoreari buruzko katalogoa hizkuntza dominante bakar batean argitaratu dela ikusita.

Zertarako egin zuen Mendiburuk Korrika 1980an? 2021ean euskal erakundeek antolatutako berari buruzko erakusketaren katalogoa gaztelania hutsez argitaratzeko? Ez al dugu ikusi Mendibururen argazkia Korrikaren lekukoa eramaten 1.813 zenbakia duen dortsalarekin? Ez al zuen Mendiburuk egin Korrikak erabiltzen duen lekukoa 1980. urtean? Bide batez, ez dut Korrikaren lekukoa ikusi, ez katalogoan, ezta erakusketan ere. Ez dela Mendibururen lan interesgarrienetako bat ikuspuntu formal edo plastikoaren aldetik? Ados. Baina artearen zereginetako bat materia eta forma hutsa esparru sinbolikora eramatea bada, ez al litzateke Korrikaren lekukoa Mendibururen lanik indartsuenetako bat? Ez dut ezagutzen jende gehiagok ikusi duen eta esku gehiagotatik pasatu den artelanik.

Frankismoak informalismoarekin eta trantsizioak errepublikako artearekin egin zuten bezala, susmoa dut erakundeak 1960ko hamarkadako artearen interpretazio estetikora jotzen ari direla. Artelanak eta testuingurua elkarrengandik urrunduta aurkezteko moduan, bi esparruen arteko bereizketan sakontzen ari garena dirudi; alde batetik, esperientzia plastikoa, eta bestetik, konpromisoa. Mendiburuk, garaiko beste artista askok bezala, artea gizartearekin zuen konpromisotik ulertzen zuen, eta konpromiso horren zutabeetako bat euskal kulturaren berreskurapena zen. Gaztelania hutsez argitaratutako katalogo horrekin, Mendibururen ametsetako bat lurperatzen ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.