Albistea entzun

BEGIZ

'Manology'

Haizea Barcenilla -

2021eko maiatzak 11

Artelanak 87, 48 maisurenak: Valdes bildumari erakusleiho ederra irekitzen digu Bilboko Arte Ederretako Museoak Manology erakusketaren bitartez. Erdi Arotik abangoardiara artekoak, estilo desberdinekoak, gai anitzetakoak; artelan bildumak barietatea eskaintzen du lehenik eta behin. Hasieran batek pentsa dezake, beste bilduma espezializatuagoek ez bezala, honek ikuspegi heterogeneoa eman dezakeela. Loturarik gabea ia. Baina arreta gehiagoz so eginez gero (eta ezin ukatu: izenburuak ematen du pista) laster geratzen da agerian badela benetan lanok lotzen dituen haria: guztiak gizonezkoek egindakoak dira.

Hau barneratzerakoan, ikuslea txundituta gera daiteke; eta berezitasun hori ospatu nahi izan du museoak bilduma hau gonbidatzerakoan. Egia da bestelako loturak ere ehundu zitezkeela mostran; gaien jorraketak azter zitezkeen, estiloen garapenak, artista bikain bakoitzaren ekarpena, baina horrek guztien baldintza definitzailetik arreta urruntzeko balioko luke soilik. Museoak eta komisarioak ondo hautatu dute azpimarratu beharrekoa, azken finean, artistak gizasemeak izateak lanei eskaintzen dien identitatea baita gakoa.

Dena den, komisarioak EITBko berrietan adierazi duenaren arabera, Félix Fernandez-Valdés bildumatzaileak ez zituen nahita gizonezkoen lanak soilik erosi; bere sentsibilitatetik eratorritako erabaki bat izan zen, ia konturatu gabe hartu zuena. Lanen kalitateak eraman zuen lehendabizi hautu hauek egitera, ez egileen sexuak. Komisarioak zehaztu du, ordea, badirela egileen gizonezkotasunarekin lotzen diren elementuak, mostra zeharkatzen duten zenbait zantzu: boterearen adierazpena, gizonezkoen pasioaren eta sexualitatearen presentzia, eta noski, ezaugarri formalak ere bai, energia eta indarra kasu.

Erakusketa borobil honi, bila jarriz gero, ertz bakarra leundu beharra eska dakiokeela uste dut: Manology izena. Izan ere, zertxobait nekatzen nau ingelesezko izenburuak erabiltzeko joera errepikakorrak. Artista ingelesen erakusketa al da? Askoz logikoagoa litzateke erakusketari Gizonkeriak deitzea, askoz zintzoagoa. Manology izenak badu hantuste puntu bat, zentzu unibertsalagoa emateko nahi zapuztuaren aztarna. Ezin dugu ahaztu hizkuntza aukeraketaren konnotazioa, eta ustezko neutrora jotzea ez da agian uste genuen bezain neutro. Zertzelada txiki hau barkatzeko gai bazarete, erakusketaz gozatzea besterik ez zaizue geratzen.

OHARRA: Zutabe hau zentzugabea iruditu bazaizu, begira ezazu Bilboko Arte Ederren Museoak inauguratu berri duen Womanology erakusketaren aurkezpena. Museo berean 2020ko urria eta 2021eko otsaila artean erakutsi zen Valdes bilduma, gizonen lanak soilik erakusten zituena, hartu dut oinarri iruzkina egiteko. Ingelesez amaitzeko, compare and contrast.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Tokiko zinema bat pentsatzeak mesede egingo luke»

Andoni Imaz

Zinemaren industriatik aparte dabil Costa eroso, eta bide horren balioa defendatzen du, autore zinema «ustelaren» aurrean. Miresten dituen zinemagileak ekartzen ditu ahotara maiz: «Poesia galtzen ari da».
Maïwenn zinema zuzendaria, duela bi aste, Cannesen. ©MOHAMMED BADRA / EFE
Josu Penades idazlea, atzo, Donostian, eleberria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

Egarriak asetzeko hiru motibo

Naroa Torralba Rodriguez

Josu Penadesen 'Egarria' eleberria eman du Alberdaniak. Aita-seme batzuk ditu protagonista
Zetak taldea, azkeneko Herri Urratsen ©Patxi Belzaitz

Zetak, Krav Boca, FM Belfast eta J Martina batu dira EHZ jaialdiaren programaziora

Mikel Lizarralde

Aurretik iragarritako artistez gain, honako hauek ere izango dira Euskal Herria Zuzenean festibalean: Billie Brelok, Daudane, François del Mundo, Ixabe, Nize, Ztah, DIA DJ's, Atzarbale, Sofa, Pisoo & OPH eta Estelle D. Modu horretan, itxita utzi dute ekainaren 30ean, uztailaren 1ean eta uztailaren 2an Irisarrin (Nafarroa Beherea) egingo den jaialdiaren egitaraua.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.