Ismael Manterola
BEGIZ

Lantegi irekiak

2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Izen hori eman diote Tabakalerak urtaro bakoitzean egiten dituen artisten tailerrak bisitatzeko egitasmoari.

Orain dela urte batzuk ohikoa izaten zen egun zehatz batzuetan artistek beraien tailerrak zabaltzea jendeak bisita zitzan. Arrakasta handiko ekinbidea izaten zen, jendeari asko gustatzen zitzaiolako artistak lantokian ikustea. Artistaren mitoa elikatu duten osagaietako batzuk izan dira egileen lan prozesuak eta lan giroa. Inspirazioaren kontuak edo lan espazioetan dituzten objektu, irudi eta abar ezagutzea artistaren lanera hurbiltzeko modu bat izan da jendearentzat.

Hala ere, niretzat, mitifikazioaren kontrako zerbait izan da beti artistaren lantokia ezagutzea, orokorrean lan egiteko tokiak izaten direlako modu literalean. Horregatik, ondo ulertu izan dut horrelako egitasmoetan parte hartu nahi ez duten artisten jarrera. Denok imajinatzen dugun artistaren tailerrak pintura eta eskulturarekin harremana du. Kolorez zikindutako lurrak eta mantalak, harri hautsez edo buztinez gainezka dauden gainak eta altzariak, artistaren mitoan dagoen desordena eta eguneroko gauzen gaineko arreta eza.... Horren ordez, eta batez ere gaur egun, artisten lantoki gehienek ordenagailua mahai gainean duten bulegoen antz handiagoa izaten dute. Irudiak ez dira desagertu, noski, desordena ere ez toki askotatik, baina azken urteetan asko aldatu da artistaren inguru espaziala.

Tabakaleran azaroaren 26an ikusi genuena artistaren lantoki topikotik aldentzen den zerbait da. Artista mota adina lantoki daudela iruditzen zait, eta hori lehen ere gertatzen zen, nahiz eta sinplifikatzeko daukagun joerak artista bohemioarekin lotzeko joera nagusitu duen gure imajinarioan eta imajinazioan. Onartu behar dut Tabakaleran bisitatu nuen lehenbiziko lantokia teknologia digitalarekin harremana zuen artista batena zela, eta horrek berehala jarri ninduela XXI. mendeko artistarekin harremanetan. Laborategi digitalaren esparruak tarte handia du Tabakalera bezalako zentroetan, eta horren ondorioa izan zen Diogo Vaz artista portugaldar gaztearena. Ikus-entzunezko munduaren presentzia beste txoko batzuetan ere ikusteko aukera izan genuen, adibidez Irati Cano, Candela Cienfuegos eta Macarena Fernandez-Puigen txokoetan. Bideoaren munduarekin harremana izan bai, baina beste kezka batzuk ikusi nizkien Gabriel Pericasi, Karlos Martinez Bordoyri eta Rocio Aguadori. Azken horrek erakusketa txikiaren antzeko zerbait muntatu zuen platoan, ederra eta interesgarria aldi berean. Azkenik, pinturaren iraupenaz konturatu nintzen Taxio Ardanazen eta Gala Knorren lantokietara sartu nintzenean.

Artisten lantegiak zabaltzea aukera paregabea izaten da gaur egungo artearen nondik norakoak ezagutzeko, artistekin zuzenean beraien lanaz hitz egiteko, eta hobeto ezagutzeko. Tabakaleraren kasuan, denak eraikuntza berean egoteak lana errazten digu, eta seguru nago artisten arteko harremana eta elkar ezagutzea ere errazten duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.