Ismael Manterola
BEGIZ

Inbertsioaren artea

2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Inoiz ikusiko ez ditugun artelanak omen daude. Hala esan zuten orain dela aste batzuk ikusi nuen Freeport. The Beauty of Tax Free Storage izeneko dokumentalean. Enkante handietan saldutako artelan garestien patua inoiz ez erakustea izango da, jabeek inbertsio moduan bahituta edukiko dituztelako horretarako eraikitako biltegi berezietan.

Herrialde guztietan garraioan dabiltzan gaientzako gordetegi frankoak izeneko biltegiak daude. Behin-behineko biltegiak dira, herrialde batetik bestera sartu baino lehen. Gai horiek estatuetara sartzen direnean zergaz petxatzen dira saldu ahal izateko, eta eroslearen eskuetara iritsi arteko bidaia jarraituko dute.

Hala ere, eta aipatutako dokumentalean ziotenaren arabera, gordetegi frankoak artelan askoren betiko aterpetxe bihurtu dira azken urteetan. Erosle aberatsek, dirutza ordaindu ondoren, ez dituzte bizi diren estatuetako zergak ordaindu nahi, eta lanek biltegiratuta jarraituko dute hurrengo urteetan. Zertarako erosi, beraz?

Dirua sobera dutenek modu batera edo bestera gastatu edo zuritu behar dute, eta artelanak balore seguru moduan sailkatuta dauden gaiak dira. 2017ra arte, Suitza bezalako estatuak ez zeuden behartuta banketxeetako diru kontuen gaineko informaziorik ematera. Legea aldatu ondotik, aberatsek ezin dute zergarik gabeko dirua Suitzako bankuetan gorde, eta erabaki horrek munduko aberats handiak alternatibak bilatzera bultzatu zituen. Horregatik, Genevan dago munduko gordetegi frankoetako bat. Ez dakigu zer dagoen barruan, baina biltegian inoiz zergarik ordainduko ez duten altxorrak daudela uste dugu: urrea, harribitxiak, ardoak, bildumetarako autoak eta, noski, artelanak, tartean, munduan saldu den koadrorik garestiena, Leonardo da Vinciren Salvator mundi izenekoa, dokumentalaren arabera. Luzaroan ezkutuan egon diren koadroak garestiago bihurtzen dira, merkatutik desagertzen direlako eta erosleen interesa pizten dutelako. Enkanteetara iristen badira, izugarrizko prezioetan saltzen dira, eta katea berriz hasten da.

Demagun arma trafikatzaile batek artelan bat erosten duela enkante batean offshore enpresa baten bidez, eta enpresa horrek Genevako, Singapurreko edo Luxenburgoko gordetegi franko batean uzten duela urteetan ondarearen zergak ordaindu gabe, norbaiti saldu nahi diotenean BEZ delako zerga ordaindu gabe eta herentzian uzten duenean oinordetzaren gaineko zergarik ordaindu gabe. Artelan hori, balore segurua izateaz gainera, merke ateratzen zaio. Gainera, gordetegi frankoetan zaintza espezializatua eta zaharberritze zerbitzuak eskaintzen zaizkie jabeei. Egoera aldatzeko itxaropen gutxi dago, estatuek ez dutelako artearen merkatua arautzeko inolako asmorik, lobbyen presioa handia dela medio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.