Haizea Barcenilla
BEGIZ

Merezi duten negarra

2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Etxe atzean lorategitxo bat dugu, gure eraikinak ondoko kaleko batekin topo egitean sortzen den patio txikian. Udaberriarekin eguzkia iristen denean, bertan esertzen gara arratsetan, irakurtzera edo zerbait hartzera. Batzuetan, pianoaren musikak laguntzen gaitu, ondoko eraikineko bizilagun batek leiho irekiarekin jo ohi duelako instrumentua. Leihoa ixtera doanean elkar agurtzen dugu; eguraldiari edo zuhaitzen loraldiari buruzko esaldi batzuk trukatzen ditugu adeitasunez. Gero udazkena dator, haizea hozten da; guk etxe barrura egiten dugu eta bizilagunak leiho itxiekin jotzen du pianoa.

Urtero bezala, eguraldi ona itzuli da, eta ekin diogu berriz arratsetan kanpoan esertzeari. Oraingoz, ordea, ez dugu musikarik entzun; bizilagunak leihoak itxiak ditu. Ez da bere etxean mugimendu handirik sumatzen eta aspaldi ez dugula etxea aireztatzen ikusi. Faltan sumatu dugu.

Eta bat-batean, ezustean, berriak ikusiz eta hariak lotuz konturatu gara gure bizilagun pianista dela Bilboko gizon gayen hiltzailearen lehen biktima. Jota geratu gara. Leihoan ikusten genuen bizilagun atsegin hura hil dute? Nola da posible? Gauza horiek ez al zaizkie beti ezezagunei gertatzen?

Azkuna zentroan ikusi nuen Cabello/Carcellerren erakusketaz oroitu naiz. Ez ninduen liluratu. Gaia asko interesatzen zitzaidan, ertz askotako pertsonaia baita Erauso, eta artista interesgarriak Cabello eta Carceller, baina haien lana hainbatetan ikusi dut eta proposamena ez zitzaidan berritzailea suertatu. Pittin bat literalegia; askoz ere mami gehiago atera ahal zitzaiola sentitu nuen.

Orain, bizilagunaren heriotzaz jakitun eta hainbat gayren hilketa beldurgarrien inguruan egon den isiltasuna ikusita, beste irakurketa bat hartzen du erakusketak niretzat: ikusgarriak ez direnen irudia eta ahotsa ekartzen ditu, presente egiten ditu. Gogorarazten digu normal ez diren horien bizitzak (zisnormalak, heteronormalak, azal kolore zuzenekoak) argi fokuetatik kanpo, eta, ondorioz, askotan, arrisku esparruetan egokitzera kondenatu ditugula; beste queer batek, Butlerrek, esango lukeen moduan, errazago desagertzen dira; ez omen dute gure negarra merezi.

Baina bai, merezi dute. Cabello/Carcelleren erakusketak, Erausori buruzko hutsunea bete ez duen arren, existentzia duina aldarrikatzen duten subjektu azpiratuak argira ekartzen ditu, eta, tamalez, ariketa beharrezkoa da oraindik. Gogoan izan ditzagun eta zor zaiena aitortu diezaiegun. Oso gutxi ezagutzen genuen gure bizilaguna, baina negar egin diogu. Eta sentitu dugu negar hori ezin zaiela ezagunei mugatu: disidente sexualak izateagatik hil dituzten beste pertsonei ere egin behar diegu negar. Ez da inolaz ere nahikoa, baina abiapuntu bat izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.