Ismael Manterola
BEGIZ

Goi mailako arte hezkuntza

2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Prestigioari buruz idatzi dute batek baino gehiagok azken astean egunkari honetan argitaratutako artikuluetan; lehen arretaren edo familia medikuen garrantzia azpimarratzeko Felix Zubiak, eta hitzak duen erakargarritasunari buruz Andoni EgaƱak zertxobait geroago.

Nik euskarak artean duen prestigioari buruz idatzi nahi dut, edo prestigiorik ezari buruz, hobeto esanda. Azken hilabeteetan harrituta baino gehiago penatuta hartu ditugu euskararen erabilpenari buruzko datuak. Badirudi gazteen artean ezagutza igo arren, erabilerak ez duela norabide bera jarraitu. Halere, ahaztu egin zaigu euskarak gutxitutako hizkuntza izaten jarraitzen duela. Ez da gutxik ezagutu eta hitz egiten dugula, askok gutxitzen dutela baizik.

Har dezagun hezkuntzaren adibidea. Jende askok uste genuen umetan euskara ikasiz gero heldutan euskara erabiliko genuela. Baina, umeen ikasteko modua helduen imitazioz egiten da, eta, nahiz eta eskolan euskaraz ikasi, helduen ohiturak jarraituko dituzte nerabezarora iristen direnean. Gaur egungo gazte baten hezkuntza arautuaren ibilbidea, batez ere EAEn, euskara hutsez izan daiteke, baita unibertsitate mailako ikasketak bukatzen dituztenera arte ere. Baina hortik aurrera?

Nola mantenduko du prestigioa hizkuntzak ez badiogu guk ematen? Zein da goi mailako hezkuntzak ikasle bati ematen dion mezua? Ikasi ezazu euskaraz oinarrizko eta bigarren hizkuntzan. Jarraitu itzazu zure oinarrizko ikasketak euskaraz unibertsitatean ere, baina jarraitu nahi baduzu, ikerketa edo bizitza profesionala zabalduko dizkizun masterreko ikasketak gaztelaniaz egin beharko dituzu. Jolasak alde batera lagata, gauzak serio jartzen direnean, gaztelania izango da jakintzaren eta lan munduaren hizkuntza.

Hain zuzen, gaur egun ez dago Euskal Herrian arteari buruzko goi mailako hezkuntza euskaraz eskaintzen duen masterrik edo berezko titulurik. Uharte zentroak UPNArekin eta EHUrekin eskaintzen duen Praktika artistikoen eta kultura-ikasketen masterrean dauden kreditu apurrak alde batera lagata, ez dago beste eskaintzarik unibertsitate publikoetan. Horregatik, adi egon naiz azken hilabetean Bilboko Azkuna zentroak aurkeztu duen Artea eta kultura garaikideko praktika eta teoriako berezko masterrari. Erabiliko duten hizkuntza argi adierazten ez bada ere, ez dirudi euskaraz ikasteko aukera emango duenik.

Onartu behar dugu hizkuntzen eredua graduondoko ikasketen arazoa dela, batez ere unibertsitate publiko batentzat. Diruz justu dabilen erakunde batentzat zaila da ikasketak bikoiztea graduetan egiten den modura, baina horrek ondorio batzuk dituela ere onartu beharko genuke; adibidez, unibertsitatera sartzen den arte irakasle gazteentzat euskara ez izatea bere lan eta ikerketa hizkuntza, eta horrek kalte egitea graduko ikasketei eta gazteek euskararen inguruan duten pertzepzioari.

Beharbada, hori guztia onartu ondoren, zerbait egin beharko litzateke konponbide zaila duen arazoa hain larria ez izateko, adibidez, inbertsio txikiak egitea goi mailako arte hezkuntza programak diseinatzerako orduan. Artearekin zerikusia duten azpiegitura handietan gastatzea baino merkeagoa izango litzatekeela iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.