Haizea Barcenilla
BEGIZ

Elkarketan dago sekretua

2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Antzinakoa da Erroma adinaz, baina barrokoa izpirituz. Ez gainazalezko izaera batez, ez dekorazioz eta urrez betea egoteagatik, barrokoaren emozioetan eraikita dagoelako baizik: dramatismoa, sorpresa, kontrastea eta bizitasuna ditu erro. Badirudi ez duela bazter aspergarririk, edo, hobeto esanda, hain bigarren mailan geratzen dira hauek eszenario barrokoekin alderatuta, ezen gure burmuinak ez dituen erregistratzen.

Hiria bezalakoxea da Arte Modernoko Galeria Nazionala: adinean garaikidea, baina barrokoa izpirituz. Ez gainazalezko ikuspegi dekoratibo batetatik, instalazioak soilak eta zuzenak baitira, aparteko dekoraziorik gabekoak; unez une txunditzen zaituelako da izpirituz barrokoa, espero ez dituzun kontrasteak eskaintzen dizkizulako, gela batean barneak bihurritu eta hurrengoan lasaitzen dizkizulako. Izango ditu bazter aspergarriak, baina hain dira indartsuak gela gehienak, ezen salbuespeneko apal horiek memoriatik ezabatzen dituzten.

Museoaren izpirituaren adierazle da lehen gela; beste asko har genitzake eredu modura, baina lehen gela da ikusleari harrera egiten diona, museoaren apustua adierazten duena. Eta museo honek hordagoa egiten du lehen unetik.

Gela handia da, eta argi-zulo karratua du sabaian. Sartzean, begiak XIX. mendeko bi pintura erraldoietara doaz lehenik; biek bataia gordinak errepresentatzen dituzte, errealismo handiz. Segituan, ordea, begirada hauen arteko espazioak erakartzen du. Bertan Liliana Mororen 2005eko Underdog instalazioa osatzen duten txakurren eskulturak daude: batzuk etzanak, besteak haien artean borrokan, guztiak mehatxatzaile. Hauen atzean, 1960ko hamarkadako Burriren koadro abstraktu gorri bortitza, materiala errez egindako zuloek markatuta. Horrekin batera, eta gela osoa blaituz, doinu martzial malenkoniatsu bat: Cristina Lucasen La liberté raisonnée (2009) bideoarena, Géricaulten Askatasuna herria gidatzen koadroaren kamera geldoko interpretazioa eskaintzen diguna.

Lehen inpresioa nahikoa da azken bi mendeetan bortxa eta gordintasunaz aritu den artea izan dela ulertzeko, abstraktua zein figuratiboa. Bigarren begirada batean hari beretik doazen lan gehiago agertzen zaizkigu, baina lehen inpresioak irauten du, indartu besterik ez da egiten, Giorgio de Chiricoren Zentauroen borroka-ren aurrean, esaterako: mezua igorrita dago.

Burriren koadroak, batetik, eta Fattoriren historia pinturak, bestetik, ez lukete inoiz halako emozioa sortuko. Elkarketan dago sekretua, eta komisariotza deitzen zaio horri. Cristiana Collu da museoko zuzendaria eta mostraren egilea. Eta barruak hartzen dizkizun hunkipena da komisariotza bikain batek lortzen duena: barrokoaren izpiritua piztea geure burua barrokotzat ez dugunongan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.